Salicako langileek kalera atera dituzte euren aldarrikapenak
Manifestazioa egin dute gaur [abenduak 4]. Enpresagaz izandako bileran ez dute akordiorik lortu, eta, beraz, "alde bakarreko erabakiagaz", urtarrilaren 1ean beste urtebeterako Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedientea (ABEEE) ezarriko dute Salican. Langileak "oso haserre" daude, eta mobilizazioekin jarraituko dute.
Salicako langileak bizi duten egoera salatzeko manifestazioan atera dira gaur [abenduak 4], Bermeon. Taraskan hasi eta Salicara iritsi arte, Bermeoko kaleetan zehar beraien aldarrikapenak egin dituzte. Izan ere, Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedientea ezarrita ari dira beharrean aurten, eta enpresak berretsi die 2024ko urtarrilaren 1tik abenduaren 31ra beste ABEEE ezarrita ariko direla.
Gaur amaitu zaie enpresak eta langileen ordezkaritzak negoziaketarako eduki duten “epe legala”, eta gaurko bileran “enpresak baldintza gutxi batzuk onartu” badizkie ere, ez dira akordiora iritsi: “Negoziaketak txarto joan dira; bileretan enpresak ez du borondaterik erakutsi bere hasierako proposamena aldatzeko eta langile ordezkariek egindako proposamenen inguruan negoziatzeko. ABEEEren negoziaketa prozesua amaituta, enpresak ABEEE berak nahi duen baldintzetan ezarriko du”.
Langileek hau bezalako neurri bat hartzearen beharra zalantzan jarri, eta enpresaren arazoak langileek ordaindu beharrean, bestelako irtenbide bat bilatzea exijitu diote enpresari, eta jakinarazi dute “borrokan” segituko dutela. Hain zuzen ere, gaurko batzarra amaitu ostean, langile-asanbladan batu dira. “Oso haserre” daude. Ekintza sindikalen bitartez, “mobilizazio-ziklo” berri bat zabalduko dute: “Asmoa da kaleak hartzea, eta ea modu horretara lortzen dugun enpresa arrazoian sartzea, eta, behingoz, langileen mesedetan zerbait egitea. Kaleak hartuta, eta kaletik presioa eginda, ea enpresa estutu eta modu horretan erabakia atzera botatzea lortzen dugun, edo, gutxienez, behintzat baldintzak hobetzea”.
Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espediente horrek 173 pertsonari eragiten die, eta Lab sindikatuaren ordezkariek azpimarratu dute langileak direla “beste behin enpresaren erantzukizun eta arduragabekeriak ordainduko” dituztenak.