Portua, tabernak eta kaltzada, jaietarako prest
Eguaztenean [abenduak 6], Nikolas Deunaren jaiak egingo dituzte Elantxoben, denetariko ekimenez osatutako egun osoko jai egitarauagaz.
Elantxobetarrak urteko hitzordurik esanguratsuenetako baten atarian daude: eguaztenean [abenduak 6], Nikolas Deunaren jaiak ospatuko dituzte. Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzagaz, egun osoko egitaraua prestatu du herriko bizilagunentzat nahiz ingurutik bertaratzen diren guztientzat. Denetarik eta denentzat edukiko dute, beste urte batez, ospakizunek: kirola, gastronomia, zuzeneko musika edota jolasak.
Goizean emango diote hasiera San Nikolas jaiei, modurik eta lekurik hoberenean: herri osoa zeharkatzen duen kaltzadan. 10:30ean, Kaltzada-Txiki haurrentzako lasterketa egingo dute. Ibilbide berria edukiko dute umeek, ondo pasatzeko eta kirolaz gozatzeko diseinatua; San Nikolas plazatik abiatuko dira, eta Elizabarrin amaituko dute lasterketa. Orain arte, Etxetxutik Bidebarrirainoko tartea egin izan dute umeek, baina orain eurak ere kaltzadan ariko dira korrika, lehenengoz. Gaztetxoenek, ohiko legez, lagunduta korrika egin ahalko dute; zelan ez, kikimarratuta edo mozorrotuta egingo dute proba, urtero modura.
IV. Kaltzadan Gora lasterketa Igoera Bertikalen Ligako azkenengo proba puntuagarria izango da
Jarraian, nagusien txanda izango da: Patxi Bengoaren oroimenezko IV. Kaltzadan Gora lasterketa. Elantxobekoa, gainera, aurten sortu duten Igoera Herrikoien Ligarako proba puntuagarria izango da; hain zuzen ere, ligako azkenengo lasterketa izango da sanikolasetakoa. Eskualdeko korrikalaririk puntakoenek parte hartu dute lehiaketak eduki dituen gainontzeko probetan eta, horrenbestez, bai emakumezkoen, bai gizonezkoen batez besteko maila oso handia izatea aurreikusten da.
Ibilbide gogorra eta, batez ere, penditz handikoa egin beharko dute parte hartzaileek: 1,2 kilometrokoa, 210 metroko desnibelagaz. Portu inguruan hasiko dira korrika, herriaren goiko alderaino. Hain zuzen, erlojupeko saioa egin beharko du lasterkarietako bakoitzak, eta ibilbidea osatzeko denbora gutxien behar duena gailenduko da.
Iazko ekitaldian, 39 parte hartzaile egon ziren irteera lerroan, eta giro aparta nagusitu zen. Emakumezkoen artean, Alluitz De Bilbao kortezubitarrak irabazi zuen igoera; bere estreinako parte hartzean, 10.34ko denboran egin zituen lanak. Ostean sailkatu ziren, hurrenez hurren, bere herrikide Jone Oar Arteta (11.04) eta bigarren ekitaldiko garaile Inma Ruiz gernika-lumotarra (11.21). Gizonezkoei dagokienez, beste kortezubitar bat, Julen Aranguena, izan zen garailea, 07.38ko denboragaz; podiumean lagun eduki zituen Javier Goitia gernika-lumotarra (07.41) eta Imanol Goñi natxituarra (07.53).
Iazko irabazle biak, Bilbao eta Aranguena, Igoera Herrikoien Ligako behin-behineko lidertzan ailegatuko dira azken probara. Lehendabizikoak 200 puntu ditu poltsikoratuta gaur-gaurkoz; bigarrenak, ostera, 195 puntu. Hortaz, biak ala biak bai txapelketa, bai azken lasterketa irabazteko hautagai nagusiak izango dira.
Herriko tabernetan ez ezik, txokoetan ere egingo dute trikipoteoa
Herritar guztiei zuzenduta. Lasterketaren ondoren, 12:00etan, meza santua egingo dute eta, ostean, trikipoteoan murgilduko dira elantxobetarrak. Argitu dutenez hala tabernetan, nola txokoetan egingo dute poteo musikatu hori. 17:30ean, umeentzako jolasak egingo dituzte plazan, mus txapelketa abian ipini orduko; txapelketa herrikoi hori, izan ere, 18:30ean hasiko dute, Kraken tabernan. Doako izen ematea edukiko du lehiaketak, eta irabazleek txapela jasoko dute sari.
Euria egingo balu, bai umeentzako jolasak, bai Territorio Norteren kontzertua Tinglaupera lekualdatuko lituzkete
Nikolas Deunaren jaietako ospakizunak zuzeneko musikagaz borobilduko dituzte: 21:30ean, Territorio Norte taldeak kontzertuagaz girotuko du gau giroa. Antolatzaileek iragarri dutenaren arabera, umeentzako jolasak eta kontzertua Tinglaupera lekualdetuko lituzkete, egunean euria egingo balu.
EGITARAUA
10:30. Kaltzada-Txiki haurrentzako lasterketa.
11:00. Kaltzadan Gora lasterketa.
12:00. Meza Santua
Ostean. Trikipoteoa herriko taberna eta txokoetan.
17:30. Umeentzako jolasak.
18:30. Mus txapelketa.
21:30. Territorio Norte taldearen kontzertua.