Lauaxeta Saria jaso dute Jon Enbeitak eta Oier Plazak
Bizkaiko Foru Aldundiak Lauaxeta Ohorezko Saria Jon Enbeitari eman dio, euskal kulturgintzan egindako ibilbideagatik. Ikus-entzunezkoen kategoriako Lauaxeta saria izan da Oier Plazarentzat.
Munduan euskara sustatu, zabaldu eta normalizatzeko egindako ekarpenagatik nabarmenu diren pertsonak edo taldeak jendaurrean aitortzen ditu Lauaxeta Ohorezko Sariak, eta aurten, sari hori jaso du Jon Enbeitak, “bertsolari, idazle baita kantari modura egindako ekarpen aberatsagatik”. Oier Plazak, berriz, ikus-entzunezkoen kategoriako Lauaxeta Saria jaso du. Bestalde, Libe Goitiak eta Angel Errok Poesiako Lauaxeta Saria jaso dute, euskarazko poesia sustatzearren eta zabaltzearren ematen dena.
Enbeitak egindako ekarpenak sarituz eta hedatuz, “ahal den neurrian”, euskara sustatzeko lan horretara erakarri gura du aldundiak gizartea. Hain zuzen ere, Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusiak aldundiak euskara eta bere nortasun kulturala “indartzeko” duen konpromisoa azpimarratu du. Nabarmendu duenez, nortasun propioa duen eta bere kultura ondareaz eta hizkuntzaz harro dagoen gizartea eraikitzeko lan egin duten norbanakoen aitortza egitea da sariaren asmoa: “Lauaxeta Sariak hori dira: jasotako ondarea indartzeko eta transmititzeko konpromisoaren aitorpena”.
Plazak Memoria Lurperatuta dokumentalagatik jaso du aldundiak banatzen duen Ikus-entzunezkoen Saria. Epaimahaikideek nabarmendu dutenez, Erorien Haranean hilobiratuta dauden euskal jatorrizko 1.234 lagunen familiarren ezintasunarekin bat egiteko bidea ematen du dokumentalak: “Ikus-entzuleok eskutik heldura eramaten gaitu deshobiratze prozesu konplexuaren bitartez”. Dokumentalean kontatzen den bidean, senitartekoek “oztopoak baino ez dituztela topatu” ageri da, eta “ongi” adierazten da oraindik ere ez dutela euren nahia lortu, “nahiz eta laguntza profesionala eta instituzionala izan: “Egoera hunkigarria bai, baina, aldi berean, itxaropentsua deskribatzen du dokumentalak. Gazteen balaunaldiak ere protagonismoa du euren konpromiso argiarekin; izan ere, zailtasunak zailtasun, hilobiratuak etxera ekartzeko borrokari eutsiko diotela argi esaten dute ikus-entzunezkoan”.
Goitiak 35 urtetik beherakoen kategorian jaso du saria, Fast Fatum poema bildumagatik. Epaimahaiak lehen liburua heltzen den askotan helburuak berak lausotu egiten duela obra adierazi du, baina ez dela hori Goitiaren kasua adierazi du: “Idazleak momentuoro argi dauka zer den esan, kontatu eta iradoki gura duena, lehenengo liburua izanagatik ere. Apurka-apurka idatzi ahala gardentzen doan ardatz baten bi aldeetan aurki daitezke surrealismoaren arrastoa eta egunerokoaren iruditeria, tradizioa eta adierazpen garaikideak ere bai”. Dena “modu antolatuan” nahasi duela idazleak adierazi dute, “nahasia modu ordenatuan erakutsiz”. Dioetenez, obra garatu du eta gero ondu du liburua.
35 urtetik gorakoen kategorian, Errok Poema liburu bat poema bildumagatik jaso du poesia saria. 17 urte igaro dira idazleak azken poema liburua argitaratu zuenetik, eta hogei lehenengotik. “Hasieratik oso identifikagarria zen ahotsa eraiki zuen eta jarraipena baino ez dio eman ia bi hamarkada geroago: hemen dira ohiko idazkera landua, lumaren fina, patxada, zehaztasuna eta poesiaren edertasuna”, adierazi dute epaileek.
Sari banaketan, Etxanobek euskarara hurbiltzeko deia egin dio gizarteari, pertsona guztiei, jatorria edozein dela ere. “Guztioi dagokigu ahalegin horretan laguntzea. Lauaxeta bezalakoen ereduari jarraitzea: hau da, euskararen, kulturaren eta hezkuntzaren aldeko konpromisoari”.