EH Bilduk EAJri eta GHri proposatu die herritarren ongizaterako garrantzitsuak diren proiektuak batera bultzatzea
Koalizio abertzaleko kideek udaleko beste bi indarrei eskatu diete zenbait proiektu batera bultzatzeko, eta horretarako, hurrengo udal aurrekontuetan berariazko diru partidak batera sortzeko.
Gernika-Lumoko EH Bilduk herritarren ongizaterako “garrantzitsuak” diren proiektuak elkarregaz bultzatzeko deia egin die EAJri eta Guztiontzako Herriari. Hori dela eta, gaurko agerraldian, koalizio abertzaleko kideek udaleko beste bi indarrei eskatu diete zenbait proiektu batera bultzatzeko, eta horretarako, hurrengo udal aurrekontuetan berariazko diru partidak sortzeko.
Hain zuzen ere, Urbietako pasabidea, Zearretako pisten estalkia, osasun zentroko arrapala, Beheko Ibarrako ikasketa gela, HAPO berria, kontserbatu beharreko elementuen katalogoa, mugikortasunari buruzko azterlana eta etxebizitza turistikoetarako araudia aipatu dituzte.
Proiektu horietako batzuetarako diru partidak onartu dituzte dagoeneko, zenbait diru partida aurrekontuen diru sail batetik bestera aldatuz. Joan den asteko osoko bilkuran, esaterako, Jose Mari Gorroño alkateak zenbait proiekturen egoeraren berri eman zuen, hala nola Allende Salazar eta Seber Altube Ikastolako ikasleei zerbitzua emango dien Zearretako estalkiari edota arrapala mekanikoari buruzkoa; horien aurreproiektuak martxan daudela esan zuen. Hala ere, hurrengo udal aurrekontuak egiterakoan proiektu horiek elkarregaz bultzatzeko deia egin dute koalizio abertzalekoek.
EH Bilduko ordezkariek adierazi dute amaitzen ari den urte honetan, EAJren eta Guztiontzako Herriaren arteko haserreak eta indar politikoen arteko akordioak lortzeko “ezintasuna” izan direla nagusi. Hala ere, koalizio abertzaleak adostasun zabalak eraikitzeko eta herria aurrera eroateko borondatea berretsi du: “Maiatzeko hauteskundeen hurrengo egunetik, EH Bilduk berretsi egin du alde guztiekin hitz egiteko borondatea, eta, denbora guzti honetan, eragile politiko guztiekin bildu gara eta herritarren eskaerak ere entzun ditugu”.
Gernika-Lumoren gobernagarritasuna “hari batetik zintzilik” dagoela esan dute koalizio abertzalekoek, eta euren ardura politikoa egonkortasuna sortzea dela diote, gehiengoa duen gobernu baten bitartez: “Baina uste dugu lan hori premiazkoari erantzutearen eskutik joan daitekela. Argi daukagu Gernika-Lumok ezin duela itxaroten geratu. Gure herriarekiko erantzukizuna dugu, eta Guztiontzako Herriari eta EAJri dei egiten diegu haiek ere indarrak batu ditzaten, guztion artean gure herriarentzat garrantzitsuak diren proiektuak abian jartzeko eta gauzatzeko; izan ere, udalean ordezkaritza duten alderdien interesen gainetik dauden proiektuak dira. EH Bildu ez da izan, eta ez gara izango, gure herriaren aurrerapenaren blokeoa”.