Anitza, gaztea eta fantasiatsua
Busturialdeko artistek hainbat arloko nobedadeak aurkeztuko dituzte urteko plaza berezienetakoan: abenduaren 6tik 10era artean egingo duten 58. Durangoko Azokan.
Euskal kulturgintzaren erakusleihorik esanguratsuenetakoa ate joka dago. Izan ere, abenduaren hasierak esangura berezia du Euskal Herriko sortzaileentzat nahiz kulturzaleentzat: Durangoko Azoka egiten duten urte sasoia da. Beste urte batez, argia ikusi berri duten edo ikustekotan dauden ekoizpenak modu ofizialean aurkeztuko dituzte Durangoko agertokian.
Azokaguneak 257 erakusmahai edukiko ditu, eta 950 berritasun plazaratuko dituzte
Landako Gunea izango da 58. Durangoko Azokaren epizentro nagusia. Bertan bilduko da liburu, disko eta bestelakoen azoka. Aurten, 257 erakusmahai egongo dira azokagunean, eta 170 partaidek parte hartuko dute. Berritasunak jaun ta jabe izango dira beste behin. Musikaren zein literaturaren alorretako 950 nobedade plazaratuko dituzte Landako Guneko “espazio bizi eta mamitsuan”.
Beñat Gaztelurrutia: “Azoka euskal kulturaren aldeko elkarlanaren fruitua da”
58. ekitaldia “fantasia hutsa” izango dela iragarri dute Gerediaga Elkarteko antolatzaileek. Beñat Gaztelurrutia koordinatzailearen berbetan, azoka “euskal kulturaren aldeko elkarlanaren fruitua” da: “Euskalgintzak azkenaldion ohartarazi legez, bai euskarak, bai euskal kulturak gizartearen babesa behar dute, denok bultzada emateko norabidean lan egiteko, gure fantasia gau bateko amets zaputza izan ez dadin”.
Azokaren aurtengo proposamen fantasiatsuaren barruan, ikusmolde “gaurkotua eta bogan dauden proiektuak biltzen dituena” nabarmentzen dira, ezaugarri nagusi bigaz: “Batetik, azoka anitza izango da; bestetik, gaztea. Oinarri bi horiei fantasia gehitu behar zaie, sormenaren eztanda magikoa delako, amets egiteko espazio bizi-bizia baita”.
90 nobedadeetatik 689 liburuak izango dira; 179, diskoak; 44, aldizkariak; horiekin batera, bestelako 40 ekoizpen
Aurtengo uzta kulturalari dagokionez, aurkeztuko dituzten 950 berritasunetatik 689 liburuak izango dira; 179, diskoak; 44, aldizkariak; horiekin batera, bestelako beste 40 ekoizpen egongo dira. Iazko eskaintzagaz alderatuta, musika ekoizpenak gorakada edukiko du aurten. Hain zuzen ere, 2022an baino 38 ale gehiago plazaratuko dituzte. Era berean, hala komikiak, nola ilustrazioak hazkundea edukiko dute; zentzu horretan, marrazkilariei estreinakoz beren lana zuzenean bistaratzeko aukera emango diete, pantailen bidez.
Gazteak, lehen lerrora.
Azokaren aurtengo ekitaldiaren ardatzetako bat gaztetasuna denez, inoiz baino jarduera gehiago egongo dira gazteek sortuak edota gazteentzako sortuak izango direnak. Horregaz batera, gazteei begira prestatu dute abenduaren 8ko egitaraua: Gazte Eztandaren bigarren ekitaldia egingo dute azokako hirugarren egun horretan.
Azokaz gain, 265 ekimen barnebiltzen dituen kultur egitaraua ere egongo da
Azokaguneaz harago, 265 ekimen bilduko dituen kultur egitaraua ere prestatu dute. Udalerriko zortzi gunetan banatuko dute azokako egitarau eskaintza: Talaia, Durangoko Museoa, Zugaza zinemako Irudienea, Kabia, Platerueneko Ahotsenea, Musika Eskolako Ahotsenea Literatura, umeei zuzenduriko Saguganbara eta San Agustin Kulturguneko Szenatokia.
Busturialdeko ekoizpena.
Busturialdeko sortzaileen ordezkaritza, beste urte batez, Durangon egongo da, bere sorkuntza ekoizpenak jendaurrean aurkezten. Denetariko formatuak plazaratuko dituzte, besteren artean, musika, ikus-entzunezkoak, literatura eta antzerkia. Josu Bergara eatarraren Loa eta Laia filma ikusi ahalko da Zugazako pantaila handian, abenduaren 6an, 15:40an.
Antzerkia ere eskualdeetako egileen indarguneetako bat izango da Durangon. Jon Ander Urresti bermeotarrarentzat ere aldi berezia izango da aurtengoa: iazko azokan Sormen Beka poltsikoratu ostean, lorpen haren ondorio den Eukalyptus antzezlana aurkeztuko du; abenduaren 8an izango da, 17:30ean, San Agustin Kulturgunean.
Musikariak ere protagonista izango dira aurtengo azokan. Platerueneko agertokira igoko da, besteak beste, Ziraun talde gernika-lumotarra, Argitik albuma aurkezteko. Hannot Mintegia Moxal-ek eta Felinek ere beraien lan berriak Platerueneko ikusleen aurrean aurkezteko aurkera edukiko dute: lehendabizikoak Nabar diskoa oholtzaratuko du, abenduaren 7an, 18:00etan; bigarrenek, ostera, Jan Zu izenekoa, hurrengo egunean, 20:20an.
Durangoko Azoka zarratu eta biharamunean, Zu Non Han DA! ekimena hasiko dute
Era berean, Durangoko Azoka zarratu eta biharamunean, Zu Non Han DA! ekimena hasiko dute: azokako berritasunak Euskal Herriko 88 dendatara iritsiko dira; horietako 27tan, gainera, aurkezpenak egingo dituzte.
ESKUALDEKO SORTZAILEAK DURANGOKO AZOKAN
Abenduak 6, eguaztena.
15:40-16:10. Ziraun taldearen Argitik diskoaren aurkezpena, Ahotsenean.
Abenduak 7, eguena.
15:00-16:00. Josu Bergararen Loa eta Laia filmaren emanaldia, Irudienean.
18:00-18:30. Hannot Mintegia Moxal-en Nabar diskoaren aurkezpena, Ahotsenean.
Abenduak 8, barikua.
17:30-18:30. Jon Ander Urrestiren Eukalyptus antzezlanaren aurkezpena, Szenatokian.
Abenduak 9, zapatua.
20:20-20:50. Feline taldearen Jan Zu albumaren aurkezpen kontzertua, Ahotsenean.