Jon Gisasola mallabiarrak irabazi du Bizkaiko Harri-jasotze Txapelketa
Harri-jasotze txapelketagaz batera, Bizkaia Openeko lokotx biltze eta zaku eramatearen finalak ere jokatu dituzte gaur, Arratzun. Lokotx biltzean Aritz Martin arratzuarra eta zaku eramatean Igotz Ardeo getxoztarra izan dira onenak.
Gizonezkoen Bizkaiko Harri-jasotze Txapelketa eta Bizkaia Openeko lokotx biltze eta zaku eramatearen finalak jokatu dituzte gaur eguerdian [abenduak 2], Arratzuko frontoian.
Jon Gisasola Zelai V.ak mallabiarrak hirugarrenez jantzi du Bizkaiko txapela. Hunkituta amaitu du saioa, eta Jose Antonio Gisasola Zelai aitak jantzi dio txapela. Geldialdi luzearen ostean, plazetara bueltatu den Inhar Urruzuno ondarrutarra geratu da txapeldunorde, eta Enrique Lago madrildarrak eskuratu du hirugarren postua. Eneko Bilbao kortezubitarra bosgarren sailkatu da. Haren aurretik geratu da Enrique Maeztu soriarra, eta Julio Jimenez arevaloarra sailkatu da seigarren.
Harri jasotzaileek 112,5 kiloko zilindroa , 112,5 kiloko kubikoa eta 100 kiloko bola altxatu behar izan dituzte (bakoitzagaz hiru minutuko saioa).
Harri jasotze txapelketaren aurretik lehiatu dituzte Bizkaia Openeko lokotx biltze eta zaku eramatearen finalak. Lokotx biltzean Aritz Martin arratzuarrak 6 minutu eta 25 segundotan (%85) osatu ditu 50 lokotxekin lanak. Patrik Saitua gautegiz arteagarra sailkatu da bigarren, 6 minutu eta 46 segundoko denboragaz (%16) eta Xabat Erleaga arratzuarra izan da hirugarren, 7 minutu eta 43 segundotan (%59) lanak amaituta.
Zaku eramatearen finalean ere alde estua egon da lehenengo bien artean, eta hor ere etxekoa nagusitu da; izan ere, Arratzuko Herri Kirol Klubeko kide den Igotz Ardeo getxoztarra izan da onena 80 kiloko zakuagaz (29” %18). Jon Ander Mailana (29” %85) eta Ardeoaren taldekide Oier IbergallartuĀ arratzuarra (31” %75) bigarren eta hirugarren sailkatu dira, hurrenez hurren.