Herriko merkataritza indartzeko Gabonetako azoka egingo dute Bermeon
Azoka abenduaren 8tik 9ra izango da, Lameran. Bermeoko produktu eta zerbitzuen gida landuko dute, eta enpresek zein autonomoek izen emateko aukera edukiko dute azokan.
Gabon aurreko azoka bermeotarra aurkeztu dute gaur Bermeoko Udalak eta Bertonek, Bermeoko merkatari elkarteak. Azokak bi eguneko iraupena izango du, abenduaren 8an [barikua] hasi eta abenduaren 9an [zapatua] amaituko da. Bermeoko merkatarien produktuekin osatutako lehenengo azoka izango da aurtengoa.
Xabi Ortuzar Bermeoko alkateordeak azpimarratu duenez, “bermeotarrak antolatzean azoka potente bat antolatzeko gai garela erakustea, eta herriak berak, bai produktu zein zerbitzuetan duen potentziala erakustea” dira, besteak beste, udalaren helburuetako batzuk. Izan ere, “gabon aurreko azoka bermeotar hau urtero ospatzeko ohitura ezartzea” da udalaren asmoa.
“Etxe guztietan herriko produktu eta zerbizuen katalogoa izango dugu”
Amaia Bustinza Berton elkarteko ordezkariak adierazi du udalarekin egindako elkarlanagaz “oso pozik” daudela. Azoka egitea “oso inportantea” dela nabarmendu du, batez ere Bermeoko produktu eta zerbitzuei “balio erantsia” emateko.
Guztira 50 postu jarriko dira Lameran, gune ezberdinetan banatuta. Besteak beste, merkataritza produktu eta zerbitzuak bilduko dituen opari eta erakusketa gunea, kontzertuetarako gunea, gazteentzako jolasgunea eta gastrotxokoa egongo dira azokan: “Gabonei begira ideiak hartu edo opariak prestatzeko aukera egongo da”.
Bermeoko Udalak herriko produktu eta zerbitzuen gidaren lanketa egiteko plana duela azaldu du Ortuzarrek: “Gida horri esker, gure herriko etxe guztietan herriko produktu eta zerbitzuen katalogo bat izango dugu”. Horretarako, iragarri du azokan bertan izena emateko liburu bat jarriko dutela herriko enpresa eta autonomoen esku.
Bermeon gabon giroa nagusi izateko bestelako ekintzak ere aurreikusita dituzte, eta datorren astetik aurrera aurkezten joango direla jakinarazi dute gaurko agerraldian.