Salicako langileek enpresaren "borondate falta" salatu dute
Salicako langileek adierazi dute bizi duten egoerari irtenbidea topatzeko enpresak "borondaterik ez" daukala, eta enpresari dagokion erantzukizuna bere gain hartzeko eskatu diote.
2023an Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedientea (ABEEE) ezarrita ari dira Bermeoko Salica enpresan, eta datorren urterako beste ABEEE bat iragarri diete: “Gutxiago ekoiztu behar dutela arrazoituta, justifikatzen dute ABEEE. Baina ABEEE zelan? Eta zer gertatuko da ABEEEren ostean? Zein da mahai gainean jartzen duten irtenbide nagusia? Egoera honi buelta emateko zein da euren plana? Ez daukate planik, gaur gaurkoz ez dakigu zein den euren plana, eta ABEEE horregaz %100eko malgutasuna daukate”.
Bizi duten egoerari “buelta emateko enpresak borondaterik ez daukala” salatu dute langileek gaur [azaroak 29], irtenbidea topatzeko borondaterik ez daukala. Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedienterik “ez dutela behar” aldarrikatzen dute; ABEEE baztertzeko, egoera honen arrazoiak aztertzeko eta irtenbidea topatzeko eskatzen dute, enpresak bere erantzukizuna bere gain hartuta: “Enpresaren erantzukizuna den kontu bat langileok beste behin ordaintzeko ez gaude prest, hemen enpresarena da erantzukizuna, berak aurkitu behar du soluzioa, eta hori aldarrikatzen gaude gaur. Enpresaren arazoak langileek ordaintzea ez da irtenbidea. Langileok geure baldintzak behar ditugu geure biziak aurrera ateratzeko. Irtenbidea ezin da izan langileok beste ABEEE bategaz eta langabezia zati bat kenduta ordaintzea”.
Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedienteak 173 langileri eragiten die, eta diotenez, datorren urterako aurkeztu dieten egutegia “askoz ere gogorragoa” da. Langileak “ziurgabetasun” egoeran daude, eta datorren urterako ere egoera bera aurreikusten dute: “Beharginok ez dakigu noiz edukiko dugun beharra eta noiz ez, noiz edukiko dugun soldata eta noiz ez, eta langabezia amaituz gero, zelan geratuko garen. Enpresaren erantzukizunak direnak langileei ordainarazten ari dira, langileei sekulako ziurgabetasuna sortuta. Eskualdeko familia askoren etorkizunagaz jokatzen ari dira”.
Askok eta askok 20 urteko antzinatasuna daukate, eta egungo egoerari “buelta emateko” irtenbidea zein den galdegiten dute: “Bermeoko enpresa handiena halako arazo bat konpontzeko gai ez izatea ezinezkoa da, eta errezena egitea: langileen langabezia hartzea, dirutza aurreztuz, eta horrela irautea. Herriko 200 familiaren lana ziurtatu gura dugu. Datorren urtean ABEEEk gerenteari eta bulegoetako langileei ere eragingo die, eta batzuek egunean bi ordu eta erdiko lanaldia edukiko dute, horregaz ze soldata eroango dute etxera? Zegaz biziko dira? Enpresari ez dio ardura”.
Enpresaren arazoak ez dituztela langileek ordaindu behar azpimarratu dute: “Enpresa hau da jaten ematen diguna, eta gure teilatuaren kontra ez dugu harririk bota nahi. Arazoa konpontzea gura dugu. Enpresa erreferentea da, marka bat da, eta babestu gura dugu”.