"Denon bizitzen aldeko greba da hau: denon zaintza bermatzeko greba"
Azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorragaz bat egiteko mezua zabaldu dute Gernika-Lumon. Era berean, Gernika BHIko irakasle eta langileek ere grebarako deialdia zabaldu dute.
Gernika-Lumoko Sare Feministaren deialdiari erantzunez, lehenengo Greba Feminista Orokorrerako deia egiteko agerraldi jendetsua eta zabala egin zuten atzo arratsaldean [azaroak 27], udaletxe aurrean. Zaintza Eskubide Kolektiboaren aldeko mezua zabaldu zuten, beste behin.
Gogoratu zuten lehenengo aldiz zaintzak erdigunean kokatu, eta denon bizitzak benetan zainduak izateko eskubide kolektiboa aldarrikatzeko greba dela honakoa. “Zaintza langileekiko elkartasuna adierazi, eta instituzioak, gizonak eta geure burua interpelatzeko eguna izango da eguenekoa”. Ondoren ere, herriz herri eta auzoz auzo, denok zainduak izatearen eskubidearen alde lanean jarraituko dute.
Grebaren eskaera edota aldarrikapen orokorrak zein Gernika-Lumokoak azaldu zituzten atzoko agerraldian ere. Zaintza sektoreko langileen baldintzak hobetzea, soldata duinak ezartzea eta barne-araudia kentzea dira eskari nagusietakoak, eta baita soldata murriztu gabe, lan jardunak murriztu ahal izatea ere. Era berean, pertsona guztientzako pentsio duinak zein Etxebizitza Eskubidea bermatzea, Atzerritartasun Legea bertan behera uztea eta agroekologia babestea eta sustatzea aldarrikatzeko kalera aterako dira.
Hainbat asteko eragileen arteko lanketaren ostean, udalerrian hartu beharreko neurri zehatzak ere plazaratu ditu mugimendu feministak: mankomunitateak etxez etxeko langileak zuzenean kontratatzea, Gernikako ospitalean gaixo paleatibo zein kronikoentzako oheak eta ipintzea eta larrialdietako pediatria zerbitzua ezartzea, Galdakaoko ospitalean erditze unitatea ezartzea, Gernika-Lumoko Udalak langileentzako eta familientzako aholkularitza zerbitzua eskaintzea eta Kaltzada Egoitzeko beharginen lan baldintzak duintzea eta hobetzea. Halaber, “bizitza zaintzea ingurunea zaintzea ere badelako”, Guggenheim bezalako proiektuak “goitik behera eta parte hartzerik gabe” ezartzea onargarria ez dela.
Atzoko agerraldian ere azpimarratu zuten grebara “denok” gaudela deituta, “baita gizonak ere, eta bada garaia horiek ere ardura hartzeko”, zaintza denona delako, eta ardura partekatua delako, eta denona maila berean. “Ardura ez da bigarren mailan kokatzea, ez da alboko emakumeari laguntzea, eskertu behar den fabore moduan. Guri dagokigu gure arduraren zatia hartzea, inor atzetik egon gabe. Denon bizitzen aldeko greba da hau: denon zaintzeko bermatzeko greba”.
Gernika BHIko irakasle eta beste langileek egueneko Greba Feminista Orokorragaz bat egiten dutela adierazi dute.