Markos Gimenoren palindromoak, erakusketa batean bilduta
Erakusketa apirilaren 28ra arte bisitatu ahalko da Gernika Lumoko Euskal Herria Museoan. Erakustaldiarekin batera hainbat jarduera antolatu dituzte.
Markos Gimenoren Karteletrak, Joseba Sarrionandiak eta Esteban Montoriok zuzendutako erakusketa, aurkeztu dute gaur [azaroak 27], Gernika Lumoko Euskal Herria Museoan. Euskaraz idatzitako palindromoetatik sortutako 53 kartelek osatzen dute 2024ko apirilaren 28ra arte bisitatu ahalko den erakustaldia. Bere ibilbidean hainbat alor jorratu zituen artista izan zen Markos Gimeno. Sorkuntzara bideratutako bizitza izan zuen, bere ingurukoei pentsarazteko zuen dohaina erakutsiz.
Erakusketan ikusgai dauden karteletako batzuk Gimenok berak diseinatu zituen, baina Sarrionandiaren bitartez, haren lagun askok eta Euskal Herriko 30 artista baino gehiagok palindromo horiek kartel formatuan ilustratzen lagundu nahi izan dute. Bisitariek hainbat egileren jatorrizko lanak ere aurkituko dituzte erakusketan, hala nola, collageak, erliebeak edo tintazko marrazkiak. Gimenoren lagun Esther Astarloa zeramistari esker, palindromoetan oinarritutako piezak ere ikusgai egongo dira. Gimeno beraren familiaren ekarpena ere garrantzitsua izan da erakusketa osatzeko, bere lan eta objektu pertsonalak utzi baituzte.
Joseba Sarrionandiak adierazi duenez, Gimeno “ezagunagoa izateko garaia da”, harek utzitako lana “ikaragarria” delako. Gimenoren lana, “hiru mila palindromo” argitaratzea, artxibo lana bilakatuko litzakete: “Irakurrezin”. Horregatik, alternatibak bilatu dituzte. Gimenoren “espiritu sortzailea hiztun guztiengana hurbiltzea” da familia eta lagunen helburua: haren lana “debategai, elkarrizketagai” bihurtzea. Sarrionandiaren esanetan, jomuga “umorearen eta kritikaren ikuspegitik aurreiritziak kuestionatzeko testuak sortzea”.
101 palindromo. Erakusketarekin batera Markos Gimenoren 101 letrakartel liburua aurkeztu dute, Joseba Sarrionandiak glosatutako 101 irudi, eta Gimenoren eta benetako zein fikziozko hainbat egileren idatziak biltzen dituena. Montorioren diseinua duen liburuko palindromo bakoitzak interpretazio grafikoa izango du: Joseba Sarrionandiak erreplika literarioa eman dio palindromo bakoitzari.
Bipolaritatea zuen Gimenok, eta, Sarrionandiaren hitzetan, “bere lanean oso ondo ikusten da euskaldunak ondo ordezkatzen gaituela”. Idazlearen arabera, euskadunok normalitate batean bezala bizi gara, baina “bi kultura eta hizkuntzatan bizitzeak” euskaldunok “eskizofrenia egoeran” jartzen gaitu soziolinguistikoki. Gimenoren bizitza eta obra ondo arakatuz gero, “gure bizimoduaren eta egoera soziopolitikoaren errepresentazioa ikusiko dugula” adierazi du iurretarrak. “Umorearekin eta proposamen irekiak” oinarri hartuz, Gimenok eztabaidagai “serioa eta aldi berean dibertigarria” proposatzen du.
Leire Irazabal Euskal Herria Museoko ordezkariak adierazi duenez, euskal kultura zabaltzea da museoaren “misioa”, eta erakusketa horrekin horren “beste ikuspuntu bat” azaldu nahi izan dute. Horretarako, hainbat jarduera antolatu dituzte, urtarrila eta apirila bitartean.
EGITARAUA
Urtarrilak 13, zapatua.
– Bigara konpainiaren ABERE BA. Palindromo Ilustratuen Piztegia tailerra (10 urtetik gorako umeentzat)
Urtarrilak 27, zapatua.
– Bigara konpainiaren Abere ba. ele bele aurkezpen poetiko musikatua.
Otsailak 24, zapatua.
– Hormargo taldearen Grafiti tailerra.
Apirilak 19, barikua.
– Mursegoren kontzertua.