Jeltzaleak, erreleboari begira
Sabino Arana Goiriren omenaldiak ikusmin handia sortu du aurten. EBBk Imanol Pradales lehendakarigaia izango dela baieztatu ostean, Sukarrietan egon dira Pradales eta Iñigo Urkullu Lehendakaria.
Azken egunetako zenbait zurrumurruren eta filtrazioren ostean, Imanol Pradales lehendakarigaia izango zela baieztatu zuen Euzkadi Buru Batzarrak, zapatuan, eta, Euzko Alderdi Jeltzalearen hainbat kideren artean, Sukarrietan izan ziren Pradales eta Iñigo Urkullu Lehendakaria atzo [azaroak 26].
Sabino Arana Goiriren heriotzaren 120. urteurrena gogoratzeko meza eta lore eskaintzaren ostean, urtero moduan, ekitaldi politikoa izan zuten. Andoni Ortuzar EBBren presidenteak hiru legealditan egindako lanagatik eskerrak eman zizkion Urkulluri: “Egin duzun lan erraldoia eskertzen dugu eta balioesten dugu”. Lan honek “jarraipena” izango duela hitz eman zuen: “Duela hamabi urte Urkullu Lehendakariaren agintaldian finkatu genituen kate-begiek krisialdi ekonomikoen, pandemien, gerra eta gatazka sozialen zartako gogorren aurrean tinko eutsi diote, notarik gorenarekin egin ere”. Kate-begi horiek, “beste berri batzuekin” lotu behar dira orain, “kate-begi sendoekin”, euskal herritarrei “etorkizun oparoa” berma dieten. “Gogoz beteta eta ilusioa eta ideiak” dituztela esan zuen.
“Lastoa eta garia ondo bereizteko, fokua euskal politikan jartzeko eta ongizatea eta bizi kalitatearen alde lan egiteko” deia egin zuen Ortuzarrek, eta herritarrei hausnartzea eskatu zien, “ikuskizun politikoa benetako politikatik” bereizten jakin dezaten. “Hori da zerbitzu publikoen funtzionamendu ona bermatzen duena, bai eta arazoak daudenean azkar eta eraginkortasunez konpontzea ere. Eta hori ez zaigu Madriletik etorriko; berton egin eta bermatu behar dugu, gure erakundeetatik. Benetan garrantzitsua delako Euskadira ongizatea eta bizi kalitatea ekartzea, hauxe izan dadin bizitzeko tokirik onena, eta horixe egin dugu Euzko Alderdi Jeltzalearen aldetik azken 40 urteotan”.
Pedro Sanchezekin hitzartutako akordioak “jasotzen dituen lorpenak” goraipatu eta zerrendatu zituen, beste behin. “Estatutuaren betepen osoa hurrengo urte bietan, laster egingo diren bi transferentziekin, autogobernu berri baterako oinarriak nazio aitortzarekin, aldebikotasuna eta forutasuna oinarri hartuta; euskal hitzarmen eta akordioak estatukoen gainetik lehenestea; hobekuntzak fiskalitatean; hobekuntzak euskal funtzionariotzaren kudeaketan; bermeak erretiratuen eta kooperatibisten erretiroan; eskuduntza berriak Nafarroarentzat; diru mordoa euskara digitalizazioaren munduan sartzeko; bai eta konponbide bat ere Usansolo desanexionatzeko eta Hondarribiari itzultzeko jabari publikoko orubeak, gaur egun Gobernu zentralaren esku daudenak”.
Era bereab, Eusko Legebiltzarrean, aurrekontuez gain, “lege garrantzitsuak” aurkezten ari direla nabarmendu zuen, Hezkuntza, Enplegu eta Trantsizio Energetikorako Legea eta eguenean onartu duten Suteen Prebentzio eta Itzalketako eta Salbamenduko Zerbitzuen Legea aipatuz.