Tokian tokiko lanagaz, borrokatu eta kontzientziak pizten eta astintzen
Beste urte batez, askotariko jarduerez bete dituzte herrietako egitarauak. Udaletatik eta eragileetatik kaleak aldarrikapenez betetzeko deia luzatu diete herritarrei.
Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunean, Euskal Herriko hamaika txokotan modura, Busturialdean ere eguerdian eta arratsaldean aterako dira manifestazioetan herritarrak. Gernika-Lumon bihar eguerdian [azaroak 25] izango da herriko sare feministak eta Busturialdeko Neska Gaztiek deitutakoa, eta, arratsaldean, berriz, Busturialdeko Itaiarena. Bermeon, ostera, gaur arratsalderako [azaroak 24] deialdia zabaldu du mugimendu feministak, eta bihar eguerdian, udalak, herriko ikastetxeek eta eragileeek ekitaldi bateratua egingo dute.
Herri handietako mobilizazioez gain, herri txikietan ere elkarretarateak eta manifestazioak deitu dituzte biharko: Ean, Ibarrangelun, Gautegiz Arteagan eta Mundakan.
Bestelako ekitaldien artean, zenbait antzezlan eskainiko dituzte egunotan. Gilkitxaro taldearen Identitarteak antzezlana gaur ikusi ahalko da Muxikan. Taldeak 25 urte bete ostean haien buruari nor eta zer diren galdetzen diote. Komedia, jolasa eta kabareta batzen dituzte lanean Ane Zabalak eta Galder Perezek. Eta Busturian, berriz, Una bofetada no es nada antzeztuko dute genero eredu zaharkituak erabiltzen jarraitu nahi ez duten bi umek.
Arratzun bihar iluntzean daukate hitzordua: Me too. Ainhoa Aierbek eta Tessa Andonegik antzeztutako obran feminismoaren zenbait kontzeptu azalduko dituzte, era komikoan.
Bestalde, Busturian, indarkeria emozionalari buruz berba egingo dute eguaztenean. Indarkeria emozionala identifikatzeari eta harengandik babesteari buruz gogoeta egingo dute.