Indarrak batu eta kaleak hartu
Sistema kapitalista, heteropatriarkatu eta arrazistaren ondorioz emakumeek pairatzen dituzten indarkeria matxistak salatu eta bizitza libreak aldarrikatzeko eguna izango da biharkoa.
Aldarriak kaleetara atera eta indarrak batuta, zapatuan askatasun oihuz beteko dira herri eta hiri guztiak, Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunean.
Indarkeriarik gabeko bizitzak! Bizirik, libre eta antolatuta lelopean «indarkeria matxista ororen kontra» mobilizatzeko deialdia zabaldu du Euskal Herriko Mugimendu Feministak: «Emakume, trans eta bollerok egunero pairatzen dugu indarkeria matxista; lantokietan, kalean, etxean, eskolan, lagun artean. Sistema kapitalista, heteropatriarkatu eta arrazistak indarkeria hori erabiltzen du askotariko zapalkuntzak sortu eta bere horretan mantentzeko, ezinbesteko tresna da sistema eusteko».
«Zuriketa morea» aitatuz, erakundeei dagokien ardura hartzeko eta gaia agenda politikoaren lehen lerroan jartzeko eskatu diete: «Nazkatuta gaude feminismoen diskurtsoaz jabetu, hitz politekin jarri, azaleko proposamenak egin eta ezertarako balio ez duten argazki instituzionalekin». Gizonek euren «praktikak aldatu, ardurak hartu eta sistema horren konplize izateari utzi» behar diotela adierazi dute. Aliantzak eraiki eta autodefentsa feministaz baliatzea izango dira euren tresnarik eraginkorrenak: «Hori da bidea».
Gazteen sexu hezkuntza «pornografiaren esku uzteko arriskuan» azpimarra egin gura izan du Emakundek aurten: Pornoa emakumeen aurkako indarkeriaren eskola bat da. «Eszena pornografikoen %88,2k emakumeen aurkako indarkeria fisikoa edo hitzezkoa du, eta nerabeen %33,4k uste du pornoek eragin handia dutela beren sexu-harremanetan», azaldu dute. Emakunderen bitartez, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiek eta EUDELek bultzatzen duten kanpaina da.
Kanpainak ohartarazten du nagusiki kontsumitzen den pornoaren bidez indartu egiten direla «maskulinitate bortitza eta menderatzailea eta feminitate atsegingarria, emakumea kosifikatzen duena, betiere gizonezkoen gozamenaren aginduetara». Gazteek kalitatezko sexu hezkuntza jaso behar dutela aldarrikatu dute.
Eusko Jaurlaritzak Adierazpen Instituzionalare bidez indarkeria matxistaren «adierazpen guztiak gaitzetsi» eta, indarkeria matxista desagerrarazteko bidean, beste erakunde batzuekin eta gizarte osoarekin koordinatuta lan egiten jarraitzeko konpromisoa berretsi du, baita prebentzioan ere: «Batez ere etorkizunari begira, belaunaldi berriei begira, berdintasunaren belaunaldi bihur daitezen nahi baitugu».
Errealitate ikusezina. Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendutik, berriz, 65 urtetik gorako emakumeek pairatzen duten indarkeria matxista «errealitate ikusezina» dela salatu, eta horri buruz jendartea sentsibilizatzeko kanpainak egitea eskatu dute, «indarkeria matxistaren gaineko gizarte-irudi nagusiek edo adinekoei lotutako estereotipoak saihesteko». Halaber, indarkeria matxistaren biktima diren adineko emakumeentzako banakako eta ofiziozko laguntza emateko programa garatzea ere bada luzatu duten eskarietako bat.
Emakundek uztailean kaleratutako ikerketaren datuen arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 65 urtetik gorako «ia 68.000 emakumek (4tik 1ek) jasan dute indarkeria matxista bizitzan zehar, eta ia 16.500 emakumek» pairatzen dute gaur egun. «Emakume horiek adinekoak izateagatik indarkeria jasaten dutela onartzen da, baina indarkeria horri ez zaio izaera matxista ematen; ez dira ikusi nahi adinezko gizonen indarkeriazko jokabideak». Zahartzaroan indarkeria «kroniko» bihurtzen dela eta, funtsean, indarkeria psikologikoa dela eta «etxeko ekonomiaren kontroletik» eratortzen dela azaldu dute.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, 65 urtetik gorako 4 emakumetik 1ek jasan du indarkeria matxista bizitzan
Datuak modu «sistematikoan eta estandarizatuan» biltzeko eta informazioa zehatzago aztertzea eskatu dute, 65 urteko adin-irizpidean oinarrituta, eta denborak eta espazio geografikoak konparatzea eta emaitzak ebaluatzea. Era berean, beharrezkotzat jo dute indarkeria matxistaren biktima diren adineko emakumeen kasuak hautemateko zerbitzuen eta baliabideen «proaktibitatea bultzatzea», bai eta biktimek arreta baliabideak «eskuratzea erraztea» ere.
Bestalde, Hau ere indarkeria matxista da leloa dauka Bizkaiko Foru Aldundiaren kanpainak, «itxuraz garrantzi gutxiago edo zigor sozial txikiagoa eragiten duten baina emakumeen aurkako erasoa diren egoerak» gogoraraziz. Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusiaren hitzetan, portaera horietatik «ezin da harreman osasuntsurik eraiki, eta hori bereziki garrantzitsua da gazteenentzat».
Teresa Laespada Berdintasuna Sustatzeko foru diputatuak gogorarazi duenez kanpaina honen oinarria gizarte osoarentzat indarkeria matxista egiturazkoa dela azpimarratzea da, eta maila ekonomiko, kultural eta geografiko guztiei eragiten diela. «Desberdintasunetik abiatuta, estereotipoak eta aurreiritziak onartuz, iruzkin, irain edo jazarpenen bidez eskalatzen da, eraso psikologiko eta fisikoetara iritsiz, eta, kasurik muturrekoenetan, hilketara. Ez dira berez gertatzen diren gauzak, eta ez dira garrantzirik gabeko gauzak. Indarkeria matxista da eta horrela salatzen dugu kanpaina honekin», azpimarratu du.
Aldundiaren Bizkaiko Indarkeria Matxistaren Behatokiaren datuen arabera, azken bi hamarkadatan emakumeen askatasunaren eta eskubideen aurkako 52.000 eraso baino gehiago jazo dira Bizkaian. Horietatik 35 emakume hil eta beste 35ek hilketa ahalegina jasan dute 2004tik gaur arte.
Bizkaian, bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindako indarkeria-kasuetako biktimizazioak 2003an 1.670 izan ziren, eta iaz berriz, 3.194. Azken 20 urteetako daturik altuenak dira iazkoak, eta 2023ko bilakaera ere kezkagarria da.
1.688 biktimizazio zenbatu dituzte poliziek aurtengo lehen seihilekoan. Bikotekideenak edo bikotekide ohienak 1.237 dira, familia barruko indarkeriarenak 286 eta sexu-indarkeriaren arlokoak 165.
Aurtengo lehen seihilekoko zifra hauekin biktimizazioen multzoa iazko aldi berean baino %12,6 handiagoa da. Moten arabera, bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindako indarkeria %12,8 igo da, familia barrukoa %4,3 eta sexuala %28,9.
Iaz, sexu-indarkeriagatiko biktimizazioak 274 izan ziren, eta 2012an, berriz, 100 baino ez. Urte honen amaierarako %28 handitzeko bidean daude eta horrek esan nahi du hamarkada batean sexu-indarkeriagatiko biktimizazioak hirukoiztu egingo direla.