Turismo eredu jasangarri eta orekatua garatzeko eta babesteko konpromisoa hartu dute
Eskualdeko turismo sektoreko hamabost enpresek Urdaibaiko 'Errelato Turistikoaren Ezarpen Tailerretan' parte hartu dute.
Turismo Jasangarriaren Europako Gutunera atxikitako eskualdeko enpresa eta ekipamendu turistikoei edo atxikitzeko prozesuan daudenei zuzenduta, Urdaibaiko Errelato Turistikoaren Ezarpen Tailerrak eskaini berri dituzte Busturiko Madariaga Dorretxean. Urremendi Landa Garapen Elkarteak eta Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Zerbitzuak antolatu dituzte, eta Urdaibai Basque Reserve markaren kontakizunaren diskurtsoa partekatu eta eskualdeko turismo-enpresa bakoitzaren errealitatera egokitu nahi izan duten saio hauen balorazio positiboa egin dute.
“Enpresekin batera lan egin dugu errelatoa turismo-enpresen komunikaziora egokitzeko aukerak detektatzeko, eta, besteak beste, Urdaibaiko turismo-sektorean errelatoa inplementatzeko estrategia bat sortzeko. Oso pozik gaude erakutsi duten konpromisoarekin eta inplikazioarekin, beraz, egiten dugun balantzea ezin positiboagoa da”, adierazi du Aitziber Ansotegi Urremendi Landa Garapen Elkarteko gerenteak.
Azaroaren 7an eta 9an, bi orduko bost saiotan Urdaibaiko hamabost enpresak parte hartu zuten, azpi-sektoreka banatuta. Lehenengo egunean, jatetxe, ostatu eta turismo aktiboko enpreseteko ordezkariak bildu ziren, eta, bigarrenean, berriz, lehen sektoreko enpresetakoak (upategiak, kontserberak, dendak…) eta turismo-ekipamenduetakoak (turismo bulegoak, interpretazio zentroak, museoak…). Saio horietan “estrategiarik onena sortzen lagunduko” dieten jardunbide egokiak eta kasu arrakastatsuak partekatu zituzten.
Konpromiso eta erronka partekatua. Azaldu dutenez, Urdaibaiko “erakunde publikoek, enpresek eta biztanleek” Urdaibairen kontserbazioan “modu aktiboan” parte hartzeko eta hura garatzeko turismo eredu “jasangarria eta orekatua” babesteko konpromisoa hartu dute: “Eredu hori ekoturismoren filosofian oinarrituta dago”.
Tailerren antolatzaileek jakinarazi dute Turismo Jasangarriaren Europako Gutunera atxikitzeko Diagnostiko Fasean “Biosfera Erreserbako kide izateari zein barne hartzen dituen balioei buruzko ezjakintasun-maila handia” antzeman dutela. “Atxikitutako turismo-kudeatzaileek eta turismo-eragileek Urdaibairi buruzko errelato bateratua eta identitarioa izateko beharra adierazi dute. Ildo horretan, 2021ean kontakizun hori sortzeko prozesuari ekin zitzaion, eta, horren ondorioz, hamabost istorioko kontakizun bat sortu zen, “Urdaibai Basque Reserve” marka turistikoa osatzen duten bost geruzetan oinarrituta: pertsonak/herriak, itsasoa, mendia, ondarea eta padurak”, azaldu dute. Errelato hori turismo eskaintzari eusten dion enpresa sareari eta Urdaibai ezagutu nahi duten bisitariei zuzenduta dagoela zehaztu dute. Oraingo honetan, tailerrek eskualdeko enpresa turistikoek Urdaibairen kontakizuna bereganatu eta esperientzia turistiko osora zabaltzeko balio izan dute”.