Murueta, goma gaineko lehiara bueltan
Euskadiko eta Bizkaiko goma gaineko txapelketak jokatuko dituzte azaroan hasi eta urtarrilera bitartean. Proiektuari jarraipena eman eta erritmoa hartzea dituzte helburu denboraldi honetan.
Etenaldiaren ostean, indarrak hartu eta lehiara bueltatu dira Murueta Sokatira Taldeko kideak. Aurtengoa ez da emaitzei begiratzeko denboraldia; txapelketa giroan murgilduta, talde sendoa eratzeko bidean lan egin, eta ahal den heinean gozatzen ahalegintzen ari dira, “lehiarako, txapelketetarako erritmoa” hartzen. “Gure asmoa bueltatzea eta lehengo martxa hartzea izan da. Plazara irtetea eta gazteekin entrenatzea eta ahalik eta ondoen aritzea zen aurtengo helburua; iaz ez genuen taldea osatu, eta aurten hiru mutil gazte hasi dira”, azaldu du Jon Loizaga taldeko kideak. Gazteak animatu direlako “pozik” daude.
Azkenengo urteetan taldea eratzeko “zailtasunak” eduki dituzte, eta, beraz, taldea atera eta proiektuari “jarraipena emateko” asmoagaz ekin diote aurtengo denboraldiari. Hasiberriek lehenengo pausoak emateko aukera daukate, eta txapelketetan hasita, denentzat ere sentsazioak hartzeko unea da honakoa, sailkapenean helbururik ipini barik: “Helburua ez da sailkapenari begiratzea. Guretzat garrantzitsuena gazteak gustura egotea eta ikastea da, gazteek tiratzea, kirol hau zer den ikustea. Entrenatzen gabiltza, eta, batez ere, zenbat eta jende gutxiago izan, presioa eta etengabe tiratzea gehiago kostatzen da, eta huts egiteak askoz gehiago nabari dira, eta normala da momentu batzuetan ondo ez ibiltzea”.
Txapelketak. Bederatzi sokatiralari daude, eta azaroaren 11an eta 12an, Ibarran eta Antsoainen ekin zioten lehiari. 2023ko Euskadiko 4x4ko Goma Gaineko Sokatira Txapelketan izan ziren, eta datozen asteotan, berriz, Bizkaiko 4×4 Goma Gaineko Sokatira Txapelketaren eta Euskadiko 8×8 Goma Gaineko Sokatira Txapelketaren jardunaldietan parte hartuko dute.
Euskadikoa asteburu honetan hasiko dute, eta urtarrilaren azkenengo asteburura bitartean lehiatuko dute. “Normalean, Euskadiko Txapelketa urtarrilean hasten da, baina Munduko Txapelketa otsailaren hasieran denez, datak aurreratu dituzte”. Domekan [azaroak 26] izango da 1. jardunaldia, eta gizonezkoen 680 kiloko finala lehiatuko dute, baina Murueta ez da bertan ariko. Izan ere, 640, 600 eta 560 kiloko kategorietan izena eman dute. Beraz, eskualdekoek 640 kiloko kanporaketan, abenduaren 3an hasiko dute txapelketa, Elizondon. “560koagaz zalantza daukagu; bederatzi lagun gutxi dira, ez dakigu zelan helduko garen, eta, gainera, parte hartzeko pisu txikikoren bat eskatu beharko diogu beste talderen bati. Asteak pasatu ahala jakingo dugu zer egin, 560 kilorako taldea osatu ahalko dugun edo ez”.
Bizkaiko Txapelketa zapatu honetan hasiko dute, kategoria mistoko lehigaz, eta Muruetakoek abenduaren 2an daukate txapelketa horretako lehenengo saioa. Bizkaikoan bi talde osatuko dituztela zehaztu dute.
Sokatira jaialdia. Bestalde, domekan [azaroak 19] 4x4ko Euskal Sokatira jaialdia egin zuten Berriozarren, eta 300 kiloko kategorian bi talde aurkeztu zituzten. Murueta B taldea final-laurdenen atarian geratu zen, eta Murueta Akoak, ostera, fase horretaraino iritsi ziren. Ez zuten lortu final-laurdenen langa gainditzerik, etxeko talde Berriozar Aren kontra galdu baitzuten. Azken talde hori nagusitu zen lehiaketan, hain zuzen.
Txapelketaren balorazio “oso positiboa” egin dute eskualdekoek. “Primeran antolatutako” ekitaldia izan zela azpimarratu dute, eta ikusleek mota guztietako tiraldiez gozatzeko “aukera aparta” eduki zutela: “Berriozar Herri Kirol Taldeak maila oso handia erakutsi zuen bai egitaraua antolatzerakoan, bai parte hartzaile legez. Gozatu ederra hartu genuen parte hartzaile guztiok”. Txapelketako saioak bezala, “entrenamendu moduan” hartu dute hori ere: “Korrikan esaten den moduan, kilometroak egiten joatea da gure asmoa”.