Lehenengo Berdintasun Plana lantzen hasi da Muruetako Udala
Prozesuko lehen urratsak ematen hasi, eta herritarraren iritzia ezagutzeko galdetegi bat zabaldu du udalak.
Bizkaiko Foru Aldundiaren gomendioari jarraiki, I. Berdintasun Plana garatzen hasi da Muruetako Udala. Hiri zein biztanleria handia duten herri askok eginda dute jada, baina Gemma Badiola Muruetako alkateordeak adierazi duenez, “udalerri guztiek egin beharko dute”.
Berdintasun plana garatzeko prozesua hasi berri dute: “Guretzat oso gauza berria da, hasi baino ez gara egin oraindik”. Lehen pausoak teknikoek emandako gomendioei jarraituz eman dituzte, eta horretarako, galdetegi bat argitaratu dute. Badiolaren esanetan, “herritar guztiei zuzendutako galdetegia da, bakoitzak bere iritzia eman dezan”. Galdetegia udalaz kanpoko teknikari eta erakundeek landu dute, aldundiaz gain, Emakunde eta “mundu horretan dauden beste erakunde batzuek”.
Herritarrren parte hartzea handia izatea nahi badute ere, badakite herri txikietan kosta egiten dela hori lortzea: “Adineko pertsonak daude, eta horiei gehiago kostatzen zaie galdera batzuk ulertzea”. Gazteek gaur egun informazioa gehiago daukatela, baina adinekoekin, kultura aldetik, gaiarekin lotura lortzea “zailagoa” dela azpimarratu du Muruetako alkateordeak.
Galdetegian askotariko galderak egiten zaizkie herritarrei, puntu batzuetan aurrez definititutako gai batzuen inguruko iritzia eskatuz, eta beste batzuetan galdera libreak eginez. Jasotako erantzunen “analisia eta balorazioa” egitea enpresa eta teknikarien esku geratuko da, eta ostean beraien iritziak helaraziko dizkiote udalari: “Beraiek dira teknikoak, adituak, eta ez gu”.
Oraindik ezer finkatu ez badute ere, badute gogoan aurrerantzean herrian egin ditzaketen ekintzen zerrenda
Baliabideak. Emakumeen eta Gizonen Berdintasuerako Lurralde Sarearen –berdintasun politikak bultzatzeko Bizkaiko Foru Aldundiak eta lurraldeko udalerrien arteko koordinaziorako gunea– parte da Muruetako Udala: “Informazioa ematen digute, udalerri txikiek handiek baino askoz baliabide gutxiago ditugulako”. Izan ere, udalerri handiek tekniko propioak dituztela esan du, Muruetan “ezinezkoa” dena.
Lurralde Sareak teknikoak ez dituzten herriei laguntzeko plana gauzatu du, eta Muruetako udal ordezkariak “guztiek esateko dutena entzuteko eta ahal den horretan laguntzeko” prest agertu dira. Prozesu horretan, Badiola bera beste herri batzuetako esperientziak entzuten aritu da, zer egin eta nola jardun duten galdetuz, eta Muruetako I. Berdintasun Planerako ideiak hartuz.
Herri-ekintzak. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna mintzagai izan zuen saioa antolatu zuten Muruetan, eta, oraindik ezer finkatu ez badute ere, badute gogoan aurrerantzean herrian egin ditzaketen ekintzen zerrenda: “Jendeak oraindik ez du proiektua ikusi, ezagutzea falta zaie”. Hala ere, herritar guztiei “proiektua helarazteko ahalegina” egingo dutela argi azaldu du Badiolak.
Muruetako Udalak ez du oraindik I. Berdintasun Plana aurkezteko datarik zehaztu: “Hilabete batzuk igaroko dira oraindik”. Hala ere, “bide onetik” doazela deritzo zinegotziak: “Hastea asko kostatzen da, baina gauzak ahalik eta hoberen egiten ahaleginduko gara”.