Antxoa gaztearen ugaritasunaren datuak "oso pozgarriak" dira
Datuen arabera, antxoa gaztearen biomasa 500.000 tonakoa da. Datorren urteko, kanpainarako erreklutamendu altua aurreikusten dute.
Azti Zentro Teknologikoak eta Espainiako Ozeanografia Institutuak koordinatutako Juvena kanpainaren datuen arabera, antxoa gaztearen biomasa 500.000 tona ingurukoa da. Emaitza horien arabera, antxoa gaztearen ugaritasuna iraunkor mantentzen da, 2022an eskuratutakoaren antzeko zifra baita. 2023ko biomasaren kalkulua denborazko seriearen batez bestekoaren %90 baino handiagoa da.
Rogelio Pozo Aztiko zuendariak esan duenez, kanpainak hurrengo urtean heldutasunera zenbat antxoa iritsiko diren iragartzeko balio du. Adierazi duenez, “emaitzak oso pozgarriak dira, 2024ko arrantza kanpainarako erreklutamendua altua izango dela aurreratzen baitute”. Gainera, Juvena kanpainako emaitzek “antxoaren harrapaketa onargarriei buruzko gomendioak” eta “arrantza jasangarrirako estretagia” gauzatzeko aukera ematen die ikertzaileei.
Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako sailburuordeak adierazi duenez, antxoa gaztearen ugaritasuna eta banaketa espaziala ulertu, egoera aztertu eta hauen biziraupenean eragin dezaketen alderdiak aztertzea “funtsezkoa da arrantza jardueraren iraunkortasuna indartzeko”. Gainera, “egungo beharrak” asetzen dituztela esan du, etorkizunekoak arriskatu eta “Euskadiko ekonomiaren funtsezko zutabe bati eragin gabe”.
Kanpaina. Antxoa gaztearen ugaritasunetik harago, Jubena kanpaina ikuspegi ekosistemiko batekin garatzen da, “garapen iraunkorrerako funtsezko faktoreak” kontuan harturik. Bestelakoen artean, baldintza ozeanofrafikoak, ekosistemako bestelako elementuekiko interakzioan jarri ohi dute arreta.
2023ko kanpainako emaitzak Europako hego-mendebaldeko ebaluazioa kanpainak berrikusteko taldean baliozkotuko dira, azaroan. Berrikusteta ostean, antxoaren kudeaketarako kontseilu zientifikora emango dira datuak: “Horri esker, datorren urterako espezie horren harrapaketa onargarriak ezarri ahal izango dira”.