Oztopo guztiak gainditzeko gai den herri harroa
Martxoaren 14tik 24ra Irunen hasi eta Baionan amaituko da 23. Korrika. 'Harro Herri' lelopean, Azterketak Euskaraz kolektiboa omenduko du.
“Harro herri eta harro korrikan”. 23. Korrikak gure hizkuntzaz, herriaz eta komunitateaz “harro” gaudela aldarrikatuko du inoiz baino ozenago: “Aurreko edizioko parte-hartze masiboak argi utzi zuen gure hizkuntzaz harro gaudela eta guztion artean komunitate sendoa osatzen dugula. Oztopo guztiak gainditzeko gai den herri harroa, eta harro Korrikan”. Martxoaren 14tik 24ra, Irunen hasi eta Baionaraino Harro Herri lelopean eskuz esku ibiliko da lekukoa. “Euskal komunitateak euskararekiko sentitzen duen harrotasunaren adierazle eta erakusle” da leloa, eta Azterketak Euskaraz kolektiboa omenduko du datorren urteko Korrikak.
Aitziber Balantzategi AEK-ko Artezkaritza-kontseiluaren lehendakariak eta Korrika batzordeko kidearen hitzetan, Korrikak herri-aldarri “alai eta tinkoa” izan nahi du, eta, oraindik ere, aurreko Korrikako “indar-erakustaldia oso iltzatuta” daukate. Halere, harrotasun hori konformismoarekin ez nahasteko azpimarratu, eta erakundeek euskararen normalizazioan duten “ardura garrantzitsua” ekarri du gogora. Herritarren “ahaleginaz batera, hizkuntza-politika ausartagoa eta inbertsioak” areagotzearen beharraz mintzatu da.
Hain zuzen ere, aipatutako herritarren ahalegin horren “adierazle bikain gisa” Ipar Euskal Herriko Azterketak Euskaraz kolektibo gaztearen lana goraipatu du. Frantziako Estatuko hizkuntza-legeari aurre eginda baxoa eta brebeta euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzen duena. Ane Elordi Korrikaren koordinatzaile nagusiak adierazi legez, “gazte horiek, beren ikasketen une oso erabakigarrian, herritar euskaldun gisa dagozkien hizkuntza-eskubideak aldarrikatzeko hautua egin dute, beren notak eta etorkizun akademikoa kaltetuak izango direla jakitun”.
Bestalde, euskaldunen hizkuntza eskubideen kontrako oldarraldia ere aipatu dute 23. Korrikaren aurkezpenean. “Bagarela eta izango garela aldarrikatu nahi dugu, inori baimena eskatu barik, epaiketa politikoen gainetik, hizkuntzak elkar ulertzeko sortu zirelako, komunitateak eraikitzeko. Erabakia hartua dugu: euskaraz izango gara, herriaren erabakitasunagatik izango gara”, azpimarratu zuen Balantzategik.
Iruditeriak mihise koloretsua dakar, alaia, festa giroa irudikatzen duena; historia, konpromisoa, ilusioa eta etorkizunaz harro dagoen herri bizia: “Sorionekuak, Laboaren iruditegia, Guernica artelana…”
Ekarpen ekonomikoa. Harro bai, baina “konforme ez daudela” ere aldarrikatuko dute: “Ezinbestekoa da Euskal Herri osoan euskararen normalizazioa bizkortzea, hori dela eta 23. Korrikak jasoko duen dirua Euskal Herria osoan euskararen normalizazioaren aldeko beren lana aurrera eraman ahal izateko baliatuko du Aek-k”. Bizkortze horretarako herritarren “kontzientziazioan eta aktibazioan” eragin behar da, baina, Balantzategik esan bezala, “ez ardura norbanakoen bizkar” utzita: “Euskal komunitateari euskararen ezagutza zor zaio, ezagutzaren unibertsalizazioa zor zaigu, hizkuntz eskubideak bermatzeko. Aitzakia eta aurrebaldintza barik jarraitu behar dugu horretan lanean, nork beretik”.
23 Korrikaren mezua:
Harro herri, euskaraz jakin zein ez, har dezagun
dimentsio orotan eragiteko konpromisoa, herria batuta.
Harrotasunez! Konplexuak gainetik kendu,
mugi dezagun euskararen herria, ingurua mugiarazi arte.
Harro hadi Kantauri itsasoa,
Arabako mahats, Bardeako buztin.
Harro zite Pirinioetako elur, Meatzaldeko burdina.
Elkarrekin nahi ditugu pausoak egin,
espazio berriak irabazi eta, hitzez zein ekintzez,
aldarri egin.
Gauden harro garenaz, eta egiten dugunaz.
Bete ditzagun etxe eta kaleak euskaraz.
Harro plazan, online zein kanpoko bizitzan.
Harro herri, eta harro KORRIKAn!