Mundakako lumakelak ezagutzeko aukera, domekan
Domekan [azaroak 19] 'Lumakelak Mundakan' ibilbide geologikoa egin ahal izango dute mundakarrek, 3 euroren truke.
Mundakako iragana ezagutzeko ibilbide geologikoa egiteko aukera egongo da domekan [azaroak 19], Ekoetxea Urdaibaik antolatuta eta Ekobideak-en eskutik. 11:00etan elkartuko dira parte hartzaileak, Santa Maria elizan, eta bi ordu inguruko ibilbidean itsasoaren historia ezagutu ahal izango dute “bazterretan ezkutatuta dauden fosil berezien bidez: lumakelak”.
Herriko kaleetan hasi eta talaiararte egingo dute ibilbidea “Mundakaren itsas jatorria eta duen fosilen aniztasuna” ezagutzeko asmoz. 6 urtetik aurrerakoentzako ibilbidea izango da, eta erreserbak www.ekoetxea.eus webgunean egin ahalko dira, 3 euroren truke.
Biodibertsitate anitza. Duela 100 miloi urteko Mundaka irudikatu beharko dute ibilbidean parte hartzen dutenek, izan ere, Urdaibai Biosfera Erreserban ikusiko dituzten arrokek duela miloika urte “klima ze desberdina zen” kontatzen dute. Lumakelak ikusteaz gain, “aldaketa klimatikoaren ondorioak leuntzeko gure labarretan kostaldeko dinamikak duen garrantziari buruz” ere hitz egingo dute.