Jasangarritasunari eta ekonomia zirkularrari lotutako bestelako erronka dakar Ekoetxea sareak
Hondakinen Prebentziorako Europako Astearekin bat eginez, Ekoetxea sareak Ez zaitez biltzen utzi 7R + 1eko Ekoerronka Zirkularra prestatu du datozen bi asteburuetarako, eta Ekoetxea Urdaibain zapatu honetan [azaroak 18] egingo dute: “Ekonomia zirkularraren 7+1 erreetako bakoitza familiaren erronka zirraragarri bihurtuko da”. Jolas bidezko ginkana edo zirkuitu moduko erronka horretan parte hartzen dutenek objektuei beste erabileraren bat nola eman, hondakinak nola murriztu eta modu jasangarriagoan nola pentsatu barneratu ahalko dute.
“Ondo pasatzeko, ikasteko eta elkarlaneko erronkei aurre egiteko” honako esperientzia hau doakoa bada ere, erreserba egin behar da Ekoetxearen webgunean. Egunean zehar hainbat txanda egongo dira, eta 5 urtetik gorako umeekin parte hartu daitekeela zehaztu dute.
“Modu dibertigarri, zirraragarri eta hezitzailean, familian partekatzeko esperientzia” proposatu dute, eta, bertan, “ekonomia lineal batetik ekonomia zirkular batera igarotzearen garrantzia” ulertaraziko dute. Izan ere, hondakinen kudeaketak pertsonei, hiriei eta herriei zein horien ingurune naturalari eragiten diela gogoratu dute Ekoetxea sarearen arduradunek. Talde-lana, ikaskuntza eta emozioa biltzen dituen esperientzia da, eta ibilbidearen amaieran sari bana jasoko dute parte hartzaileek: “Lankidetzan arituta, sortzen ditugun hondakin eta ontziekin lotutako erronka txikiei aurre egingo diete”.
Esperientzia hutsetik harago, herritarren konpromisoa eta kontzientziazioa bultzatu gura dute; parte hartzen duten herritarrek bertan ikasten eta barneratzen dutena “egunerokotasunean praktikan jartzea” da helburua: “Jendea jasangarritasunaren eta ekonomia zirkularraren defendatzaile bihurtzen lagundu nahi dugu”. “Keinu bakoitzaren” garrantzia azpimarratu dute.
Aipatu bezala, Ekoetxea sarea osatzen duten zentroetan egingo dute. Domeka honetan, Ekoetxea Meatzaldean izango da horretarako aukera, azaroaren 25ean Txingudikoan egingo dute, eta azaroaren 26an, berriz, Azpeitiakoan.
Ontzien kontsumoa. Azaroaren 18tik 26ra egingo den Hondakinen Prebentziorako Europako Astearen goiburu nagusiak ontzien kontsumoari egiten dio erreferentzia, Ez zaitez biltzen utzi leloarekin.
Euskal Estatistika Erakundearen datuen arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, biztanleko batez beste 485 kilo hiri hondakin sortzen dira, eta horietatik 50 kilo baino gehiago ontziak dira: “Ekonomia lineala izan da nagusi joan den mendera arte, eta ekoiztea, erabiltzea eta botatzea izan da ohiko jarduna. Ondoren, jauzi kualitatibo bat eman zen, eta hondakinen kudeaketan Murriztu, Berrerabili eta Birziklatu ekintzak bultzatu izan dira. Hala ere, kudeaketa eredu hori gaur egun motz geratzen da, eta ekonomia zirkularrarekin bat egiteko eta eboluzionatzeko garaia iritsi da. Hala, materialen bizitza erabilgarria optimizatzeko eta maximizatzeko eta gure hondakinen sorrera murrizteko unea dugu orain”.