Bermeoko Hiria Berroneratzeko proiektuaren emaitzak aurkeztu dituzte
Formakuntza eta laneratzea uztartu ditu proiektuak, eta hamabost gizon-emakume aritu dira urtebetez Bermeoko hainbat gunetan konponketa eta hobekuntza lanak egiten.
Lanbideren zuzendaritzapean eta Sartu kooperatibagaz elkarlanean Bermeoko Udalak garatu duen programak “enplegagarritasuna hobetzeko, laneratzea sustatzeko eta komunitatean subjektu aktiboaren rola berreskuratzen laguntzeko” aukera eman die partaideei. Bermeo zein inguruan bizi diren, eta Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) jasotzen duten hamabost gizon-emakumek hainbat hirigintza lan egin dituzte udalerrian.
Partaideek prozesu osoa talde-lanean egiten dute, diseinutik hasi eta egikaritzera arte; lanak banatu dituzte, eta “denentzat atsegingarria” izan da. “Gustura” aritu dira, proiektu honek eman dieten “aukera eskertu” dute: “Pozik aritu gara, eta asko ikasi dugu”. Era berean, Bermeon horrelako proiektuak egiten segitzea eskatu dute, “herriko beste langabetu batzuek ere aukera izan dezaten”.
Nadia Nemeh Bermeoko alkatea: “Partaideen egoera hobetzea izan da udalaren asmoa, lan aktibazioa bultzatu eta errutina bat finkatzea”
Europako Next Generation laguntzek babestutako proiektu horren balorazioa egin dute gaur goizean [azaroak 16], Nardiz tar Jon kaleko Sareginak, izaera baten jostunak artelanaren aurrean; izan ere, abuztuan aurkeztu zuten saregileak omentzeko egindako horma-irudi hori eurek egin dute. Nadia Nemeh Bermeoko alkateak adierazi duenez, partaideen “egoera hobetzea” izan da udalaren asmoa, “lan aktibazioa bultzatu” eta “errutina bat finkatzea”. Hamabost partaideen gizarte eta lan gaitasunetan eragina izatea “funtsezkoa” izan dela azpimarratu du.
Hamabi hilabeteko proiektua izan da; iaz urritik abendura beharrezko formakuntza eskaini zieten, eta gero hamar hilabetez muralgintza eta eraikuntza lanetan aritu dira. Eraikuntzari dagokionez, partaideak herriko txokoak konpondu eta atontzen aritu dirta, monitore tekniko eta gizarte hezitzaile baten laguntzagaz. Agirre eta Kurtzio auzoetan, Talan, Baztarren, Goiko Plazan eta Dolariaga Kalean askotariko lanak egin dituzte; adibidez, Behargintza eta kzguneko gelak margotu eta Alde Zaharreko kaleetako losak aldatu dituzte. Egindakoa bertatik bertara ezagutara emateko asmoz, proiektuari buruzko xehetasunak biltzen dituen eskuorria zenbait udal eraikinetan dago, herritarrek proiektuaren nondik norakoak ezagutzeko.
Anes Baños gizarte hezitzailea: “Euren egoera eta bizitzak hobetzea, zaintzea eta duintzea izan da intentzioa”
Formakuntza eta kontratazioa uztartzen dituen proiektu horren onurak hizpide izan ditu Anes Baños gizarte hezitzaileak ere: “Formakuntzan landutako guzti hori praktikan kontratazio bidez egikaritzea modu oso positiboan baloratu dugu proiektu guztian zehar, eta horren adibide da 15 pertsonako talde honek erakutsi duen gogoa eta poztasuna. Prozesua oso polita izan da. Norbanako bakoitzaren lan-egoera eta pertsonala hobetu da, eta intentzioa hori izan da euren egoera eta bizitzak hobetzea, zaintzea eta duintzea”. Urtebetean “orientazio eta inklusio bide desberdinak” garatu dituzte, banakakoak zein kolektiboak, eta prozesu horiek komunitateari ekarpena eginez landu dituzte, “herrian bertan lan eginez, eta euren eskuekin herrian hainbat konponketa egiten”.
Lanbidek zuzendutako programa izanik, Sara Buesa Rodriguez, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko Prestazioen eta Inklusioaren zuzendariak adierazi du Bermeon garatu den proiektua ikustea “pozgarria” dela. “Lehen sentsazioak oso onak badira ere, programa bere osotasunean ebaluatu, eta emaitzen arabera erabakiko dugu zer jarraipen eman diezaiokegun”. Proiektu honek “ahalduntzearekin” zerikusi handia duela azaldu du, horma-irudian egindako lana goraipatuz. Azken hori herritarrentzat ikusgai egotea “polita eta harro egoteko modukoa” dela esan die partaideei.
Nere Mintegi Behargintzako arduradunak proiektuan parte hartu dutenei eskerrak eman dizkie eta udalarentzat esperientzia “onuragarria” izan dela nabarmendu du, eta errepikatzeko asmoa agertu du: “Eta uste dut eurentzat esperientzia oso polita izan dela”. Behargintzarentzat esperientzia “berria eta desberdina” izan da, bertako kideek “asko ikasi dute”, eta kalean egin duten lana goraipatu du Mintegik: “Aipagarria da egin duten lana”.
Proiektuak orientazioa eta laneratzea uztartzen ditu, eta horren garrantzia azpimarratu du Behargintzako arduradunak: “Kolektibo honek behar duena hori da, proiektu integral bat egitea eta urtebetean zehar hainbeste gaitasun lantzea, eta baita euren lana kalean ikustea eta herritarrek parte hartzea”.