Eskarmentuaren itzulera
Senior C kategoriako liga joan den asteburuan hasi bazen ere, Urdaibaiko emakume beteranoek domekan 12:00etan daukate lehenengo partidua, Araneko kiroldegian. Herritarrak animatu dituzte domekako partidura joan daitezen jokalariak babestera.
Urduritasun apur bat bai, baina gogoa eta ilusioa dute nagusi Urdaibai Eskubaloi Taldeko emakume beteranoek, edo federazioak esaten duen moduan, senior C kategoriako neskek. Lehiara bueltatuko dira asteburu honetan, eta lehenengo partidua, gainera, etxean bertan daukate, domekan [azaroak 12], 12:00etan, Araneko kiroldegian.
Gauza batengatik edo bestearengatik, uneren batean eskubaloia utzi beharra izan zuten 35 eta 47 urte bitarteko hamalau emakume batu dira aurten berriro, gustuko duten kirolagaz ondo pasatzeaz gain, lehiara bueltatzeko; hamabi jolakari eta bi atezain, hain zuzen ere.
Bat izan ezik, gainontzekoak Urdaibai Eskubaloi Taldeko jokalari ohiak dira. Bestea, gaur egun, txikiagoen entrenatzailea da, eta inoiz jokatu ez duen arren, “ilusio handia” egiten zion beteranoekin jokatzeak, eta taldera batu da, inoiz ez delako berandu hasteko.
“Hamalau jokalari kopuru polita da gu baino gazteagoak direnentzat, asko jolasteko gogoa izaten dutelako. Guk ere jolastu gura dugu, baina adinaren eraginez, lesioak ere gehitu daitezke, eta beti ateratzen zaizkigu gauza gehiago. Jokalariren baten bat gehiago egotea ondo legoke, erosoago egongo ginateke aulkian. Baina nahikotxo jokalari animatu garela uste dugu. Beste taldeetan uste dugu gutxiago daudela”, diote taldekideek.
Taldeko ateak zabalik dauzkate, prest daude jokalariak hartzeko, ez dakitena da federatzea posible luketen, liga hasita baitago.
Bost talderen artean dago lehia, eta joan den asteburuan abiatu zen liga.
Batzeko gogoa. Gogora ekarri dute pandemiaren aurretik, egun taldean dauden batzuk urtean behin batzen zirela partiduren bat jokatzeko edo torneoren batean parte hartzeko. Pandemia sasoian, hala ere, bertan behera geratu ziren horiek guztiak eta, gerora, ez dira berreskuratu. Era berean, diotenez, federazioak pandemia aurretik zeukan pentsatuta beteranoen liga sortzea. Lehenengo, gizonezkoen liga sortu zela aipatu dute, zortzi talde ingurugaz. Eta, emakumeena aurten abiarazi dute, lehenengoz: “Aurten, serio jarri gara berriro, martxan hasi gura genuelako. Federatuta ez bazen ere, gutxienez, astean behin entrenatzeko batzeko asmoa geneukan, klubaren laguntzagaz torneoren batean parte hartzeko asmoz”. Harremana daukaten beste herri batzuetako taldeekin batuta, talde batzuk animatu eta eskubaloiko federazioagaz berba egin zuten. Talde gutxi egon arren, beteranoen liga sortzeko prest agertu ziren.
Hala, bost talderen artean dago lehia, eta joan den asteburuan abiatu zen liga. Talde kopurua bakoitia denez, Urdaibairi atseden jardunaldia egokitu zitzaion eta, hortaz, domekakoa lehenengo partidua izango dute.
Elorrio izango du Urdaibaik lehenengo aurkaria, eta “irrikan” daude hasteko
Irailean hasi ziren entrenatzen. Hasieran, astean behin batzen ziren. Fisiko apur bat eta baloiagaz kontaktua hartzeko ariketak egiten hasi ziren. “Gogoz gainezka” daudenez, baina, orain, bi egunetan batzen dira, ordu eta erdi bakoitzean. “Ilusioz gainezka” entrenatzen dute: “Entrenamenduak izugarri pozik amaitzen ditugu, askotan ematen du 15 urtera bueltatu garela”. Taldeko giroa “izugarri ona” da, “oso gustura” ari dira.
Elorrio izango du Urdaibaik lehenengo aurkaria, eta “irrikan” daude hasteko: “Ez dakigu beste taldeen maila zelakoa den, dakiguna da talde batzuk jende kopuruagaz apur bat eskas dabiltzala»” azaldu dute. Hamar partidu jokatuko dituzte ligaren baitan, eta hori amaitzerakoan kopa lehiatuko dutela uste dute.
Hainbeste urteren ostean, kantxarako buelta “ondo” joan da: “Askok esaten dugu lehen baino hobeto ikusten ditugula geure buruak kantxan. Fisikoki agian ez gaude lehengo modura, baina adinak ikarak eta lotsak kentzen ditu. Edozein postutan jolasteko prest gaude, eta hala ari gara egiten, leku desberdinetan probatzen”.
Eurak bakarrik prestatzen hasi ziren; entrenamendu fisiko apur bat eta Urdaibaiko koordinatzaileak emandako zenbait entrenamendu egiten zituzten euren kabuz. Joan den astean, baina, entrenatzaile bategaz lanean hasi ziren, horietako askorentzat ezaguna den Patrik Marotogaz: “Lana erraztuko digu pila bat. Berak gidatuko ditu entrenamenduak, eta ez dugu zertan gelditu beharko telefono mugikorrean entrenamenduak ikusteko. Partidu egunetan, gainera, aulkia antolatzeko pertsona bat edukitzea garrantzitsua da, hasierako taldea zehazteko edota egin beharreko aldaketak agintzeko. Oso pozik gaude, ia denok entrenatu dugu beragaz, eta asko gustatzen zaigu entrenatzaile modura”.
Taldeak jarraipena edukitzea gurako lukete, horregatik, jendea animatu dute parte hartzera.
Urdaibai Eskubaloi Taldeak ondo hartu zuen beteranoen proiektua; “beste talde bat izanik, ordutegietan guretzako lekua bilatzen ibili beharra eduki dute, baina pozik hartu zuten”.
Beteranoen beharra. Taldeak jarraipena edukitzea gurako lukete, horregatik, jendea animatu dute parte hartzera. Edozein kiroletan beteranoak egotea ondo dagoela uste dute: “Benjaminetan hasten gara eta seniorretan askok utzi egiten dute lanagatik, ikasketengatik, seme-alabengatik… gustuko duzun kirol horretara berriro buelta egin ahal izatea pozgarria da. Orain, senior C kategorian jokatuko dugu, eta seniorretan inoiz jokalariren bat beharko balute, gure fitxagaz posible litzateke horiekin jolastea”.
Herritarrak animatu dituzte domekako partidura joan daitezen jokalariak babestera. Jokalarietako askok, gainera, seme-alabak dauzkate eskubaloian, eta, domekan, alderantziz, seme-alabak izango dira gurasoak animatzera joango direnak.