Nekazal azokak protagonista San Martin jaietan
Sanmartinak ospatzeko Nekazal Azoka antolatu du Foruko Udalak, besteak beste. Bermeon ohiko odoloste txapelketa eta azoka izango dira.
Sanmartinak eta nekazaritza azokak eskutik datozela esaterik bada, eta aurtengoa ez da salbuespena izango. Forua eta Bermeo, bakoitza bere tradizioei leial, baserritar giro eta odolostez beteko dira asteburuan.
Foruan errotutako tradizioa da sanmartinena, baserritar giroa protagonista nagusi delarik. Foruko Udalak bihar [azaroak 10] bertan hasiko den hiru eguneko egitaraua prestatu du, ekitaldi herrikoi asko bilduko dituena. Jarduera horien baitan, briska, igel, mus eta tute txapelketak egongo dira aukeran.
Zapatuan, Sustabiz Fundazioaren eskutik herri kirolekin emango zaio hasiera jai egunari. Lehenik eta behin, 11:00etan hasita, bertaratutakoek ume eta familientzako herri kirol parte hartzailekin ondo pasatzeko aukera edukiko dute, herri kirol desberdinak probatzeko aukera izango dutelarik. 12:30etik aurrera, berriz, profesionalen txanda izango da, harrijasotze, ingude jasotze, trontza eta lasto jasotzea erakustaldia eskainiko dituzte.
Domekan, Nekazal Azokaren 22. aldia ospatuko da. Horretan, ekoizleek ortuariak, ogia, txakolina eta bestelako artisauak eskainiko dituzte. Foruko alkate Mikel Magunazelaiak adierazi du baserritarren kultura “eskualdearen eta forutarron bereizgarria” dela, eta, horregatik, uste du nekazaritza azoka San Martinetako “protagonista nagusia” bihurtu dela.
Hogeigarrenez. Bermeon ere azoka izango da domekan. Andeko taberna eta Bermeoko Apurtuarte Sokatira klubak Bermeoko Udalaren laguntzaz antolatutako San Martin Azokaren hogeigarren urteurrena ospatuko da aurten. Hogeitabigarrena izan beharko luke aurtengoak, baina pandemiak bi urtez azoka aurrera eramatea galarazi zuen. Azokan, Bermeoko zein eskualdeko hainbat herritatik etorritako nekazari eta ekoizleek beteko dituzte postuak, eta askotarikoak eskainiko dituzte.
Odoloste txapelketa bera ere tradizioa bihurtu dela diote antolatzaileek, izan ere, txapelketa honek ere 20 urte beteko ditu aurten. Txapelketaren helburua herriko harategiak elkartzea den arren, bestelako herrietatik ere animatzen dira txapelketan parte hartzera. Aurtengo edizioan Bermeoko lauzpabost harategik izena eman dute, gainontzekoak inguruko herrietatik etorritakoak izango dira.
Antolatzaileak eguraldiari begira badaude ere, “giro ona” espero dute domekan, eta tradizioak aurrera egin dezan, ahal duten bitartean azoka eta odoloste txapelketa antolatzen jarraitzeko prestu agertu dira.
EGITARAUA
FORUA
Bihar.
– 18:00. 24. Briska Txapelketa (Izen ematea 17:30ean Foruko Batzokian).
Zapatua, San Martin Eguna
– 11:00. Herri Kirolak haurrentzat.
– 12:30. Herri Kirolak erakustaldia.
– 13:30. Igelaren jokoaren txapelketa (Batzokian).
– 18:00. 27. Mus Txapelketa (Izen ematea 17:30ean Foruko Batzokian).
Domeka.
– 11:00. Nekazal Azokaren 22. edizioa.
– 12.30. Meza Santua.
– Ostean, Urdaibai Dantza Taldearen erakustaldia.
– 18:00. 34. Tute Txapelketa (Izen ematea 17:30ean Foruko Batzokian).
BERMEO
Azaroak 13, domeka
– 10:00-15:30. XX. San Martin Azoka (Lameran).
– Eguerdian XX. Odoloste Txapelketako sari banaketa ekitaldia, Andeko taberna aurrean.
GAUTEGIZ ARTEAGA (KANALA)
Zapatua, San Martin Eguna
– 12:00. Meza San Martin baselizan.
– Ostean, hamaiketakoa.