Arratzuko suhiltzaileek sutea izanez gero erantzuteko modua probatuko dute Elantxoben
Entrenamenduak udalaren laguntzagaz diseinatu dituzte, eta suteen aurkako segurtasunaren “lehentasunezko zenbait lekuan bertan praktikan” jartzeko aukera emango dute.
Azaroan eta abenduan egingo dituzte probak, astelehenetik zapatura. Iurreta, Markina-Xemein, Arratzu eta Zallako suhiltzaile-etxeetako txanda guztietako langileek sute-maniobra errealistak egingo dituzte, Durango, Lekeitio, Elantxobe eta Balmasedan. Arratzukoen kasuan, Elantxoben egingo dituzte. Hirigunearen ezaugarriak direla-eta erantzun operatiboan hobekuntzak ezartzeko oinarri gisa erabil daitezkeelako hautatu dute Elantxobe.
Entrenamenduak udalaren laguntzagaz diseinatu dituzte, eta suteen aurkako segurtasunaren “lehentasunezko zenbait lekuan bertan praktikan” jartzeko aukera emango dute: “Ibilgailu astunak sartzea eta kokatzea, autoeskilarak kokatzea, hidraulika espazio konplexuetan erabiltzea edo eskuzko eskailerak erabiliz erreskateak egitea, besteak beste”. Horregatik, esan dute “funtsezkoa” dela “hasiera-hasieratik erantzun efikaza” ematea.
Maniobretan lortutako datuekin, entrenamenduaz gain, egun dagoen informazioa hobetuko dute. Horrela, Bizkaia Prest larrialdiak kudeatzeko zentroek erabakiak “arin” hartu ahal izango dituzte benetako larrialdia izanez gero. Suhiltzaileek beren erantzuna probatuko duten udalerri horietako hirigune historikoetako eraikin batean sutea izanez gero. Entrenamendu horiek suhiltzaile-etxe bakoitzeko instalazioetan egin ohi dira, baina aurten benetako esku-hartzearen inguruneetan maniobrak egiten hasi dira, larrialdietan erantzuna hobetzen jarraitzeko.
Bizkaiko Foru Aldundiko Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzuko (PSSZ) arduradunek nabarmendu dutenez, larrialdiei aurre egiten dieten pertsonak “zenbat eta prestatuago” egon eta esku hartzeko eremuak “zenbat eta hobeto” ezagutu, “orduan eta denbora laburragoa beharko da erantzuteko, eta esku-hartzeei buruzko hasierako erabakiak efizienteagoak izango dira”.