Pilotaren erakusleiho
Gernika-Lumoko bizilagun Jose Maria Urrutia ondarrutarrak pilotaren historiaren lekuko diren hamaika eduki dauzka, eta, bere bilduma aberatsaren zatitxo bat kalera atera, eta udalerriko zenbait saltokitan ikusgai ipini dituzte.
Puntista ohiak azaldu duenez, Urriko Azkenengo Astelehenagaz batera hasi zen Winter Series txapelketaren harira prestatu dute erakusketa, eta “altxorrez eta harribitxiz” bete dituzte erakusleihoak. Xisterak, pilotarien fitxez osatutako koadroak, pilotak, emakume erraketisten partiduen argazkiak, hainbat txapelketaren aspaldiko kartelak, pilotarien talde argazkiak zein frontoien argazkiak, giltzatakoak, artelanak…
Lehenengo, Aspuru Moda dendan, Extreme Sport Music&Clothes dendan eta Arrien Optikan ipini zituzten askotariko materialak, eta, gero, Turismo Bulegoan, Gonzalez Altzariak, Marleen eta Errakamendi dendetan eta Lur higiezinen agentzian. Urrutiak guzti horien kolaborazioa eskertu du.