Inguruko karobiak ezagutuko dituzte Bermeon
Domekan [azaroak 12], 09:00etan, Taraskan elkartuko dira parte hartzaileak.
Sollube 707 mendizale taldeak Bermeoko Karobiak ezagutzeko irteera antolatu du. Domekan [azaroak 12], 09:00etan abiatuko dira parte hartzaileak, Taraskatik. 10 kilometroko ibilbidea egingo dute, eta Mintegitxu eta Migelantongo karobiak ezagutuko dituzte: Mintegitxuko karobia Arronategi inguruan dago, eta Migelantongoa, berriz, Tribiskoerrotan. Gutxi gorabehera 14:30erako Bermeora itzultzea aurreikusten dute antolatzaileek. Parte hartzeko ez da izenik eman behar.