Konfiantza hartzeko partidua
B multzoko "bikote gogorrenak" zein baino zein gehiago aritu dira Winter Series txapelketaren 2. jardunaldian. Emozioz eta tentsioz betetako lehian, Erkiagak eta Ibarluzeak hiru puntu garrantzitsu lortu dituzte B multzoko lehen partidan.
Eusko Label Winter Series txapelketaren lehenengo jardunaldian ez bezala, emozioz eta tentsioz betetako partiduaz gozatu zuten atzo [azaroak 6], Gernika-Lumoko Jai Alai frontoian batutako 1.800 zaleek. Erkiaga-Ibarluzea eta Johan-Lopez bikoteek lehiatu zuten B multzoko lehenengo partidua. Aditu eta zale askoren esanetan, multzoko bikote “gogorrenak”, txapela lortzeko lehia horretan egon daitezkeenak.
Lehenengo jokoa arrosa kolorekoa izan zen; 15 eta 6 nagusitu ziren Aritz Erkiaga ispastertarra eta Ion Ibarluzea markina-xemeindarra. Bigarren jokoa, ostera, bestelakoa izan zen; lehia estua, eta markagailua berdinketez betea. Horren adierazgarri, 14 eta 15eko azken markailua. Behetik gora joan ziren Johan Sorozabal miarriztarra eta Imanol Lopez zumaiarra, ez ziren ondo hasi, baina ez zuten etsi. Hirugarren seta 5 eta 3 irabazi zuen Lea-Artibaiko bikoteak: Hiru puntu eta morala, hiru puntu garrantzitsu poltsikoratu zituzten. Aurkariek ere puntu bat lortu dute.
Zesta-puntaren katedrala ia goraino beteta, zutik jarrita, txalo zaparrada artean agurtu zituzten lau pilotariak partiduaren amaieran. Goi-mailako txapelketetan esperientzia askorik ez du Ibarluzeak, eta, agian, partiduaren amaieran igarri zuen hori, baina, orokorrean, bere debutean ondo eutsi zion. Lehen jokoan seguruago, sendoago eta erosoago egon zen. Parean Erkiaga bere maisutasuna erakusten, behar zenean “aurpegia ematen, aginte makila hartzen”. Pilota motelagaz asmatu zuten atzo.
3 eta 0 aurreratu ziren bizkaitarrak. Bi huts Lopezek egindakoak eta Erkiagaren lehenengo aukeran, hormabikoa eta tanto. Ikuskizun eta erakustaldi ederra eman zuen ispastertarrak lehen jokoan: arrosen 15 tantuetatik 9 berak egin zituen. Denean asmatuta, benetako harribitxiak eskaini zituen: 5 eta 2koa, bederatzi koadrotik botatako hormabikoa, 7 eta 2koa, barrura sahietsez bikain, 10 eta 2koa, bote laster eskumaz sartu eta goitik behera suabe-suabe txapa gainean utzita, mugimendu erabat harmonikoarekin. Atzean, eroso ibili zen Ibarluzea (lehenengo setean huts bakarra egin zuen). Errebes ederra dauka, eta postura aproposa zesta puntaren katedralerako. Aurkariek ez zuten markina-xemeindarra estutzerik lortu. Motel hasi ziren, eta jokoaren bigarren partetik aurrera “suspertu” ziren.
Bigarren jokoaren hasieran, Ispasterko aurrelariak zenbait huts egin, eta markagailuan aurrea hartu zuen bikote horiak (2-4/3-5). Gero, bosna berdindu, eta Erkiaga eta Ibarluzea aurretik jarri ziren (6-5). Ispastertarrak horma-bikoa bota, Johan iritsi, txapa gainean moztu, Ibarluzea atzetik aurrera etorri, pilota zaila sartu, eta azkenean berak bukatu zuen. Hala, Markina-Xemeingo atzelariak zabalean egindako tantu baten ostean, atsedenaldira 8 eta 6ko markagailuagaz heldu ziren. Gero, Ibarluzeak behartu gabeko hutsak egin zituen. Emozioz gainezka, lehia bizia izan zuten azkenengo txanpan (11-11, 12-12, 13-13 eta 14-14 berdinketak). Tentsioa eta emozioa. Kantxan sufritu zuten puntistek, harmailetan, ostera, publikoak gozatu zuen.
Azkenengo setean, Lea-Artibaikoek zortea aldeko izan zuten lehenengo bi tantuetan. Lapurtarrak eta gipuzkoarrak, baina, egoera zailari buelta eman zioten, kalitate handiko jokoagaz. Jarraian, Erkiagak hormabikoa errematatu eta publikoaren aurrean azaleratu zuen barruan zeraman tentsio osoa (3-2). Txapa-gainean moztuta egin zuen laugarrena (4-2), eta, gero, atzeko “txula”, partidua borobiltzeko. Hurrengo partiduetarako konfiantza hartzeko garaipena.
3. jardunaldia. Datorren astelehenean [azaroak 13] Goitiak eta Basquek bikoteak txapelketako euren lehenengo partidua jokatuko dute, lehenengo jardunaldian Goikoetxearen eta Lekerikaren kontra galdu zuten Eriken eta Minvielleren kontra. Azken horiek lehenengo jardunaldian ez zuten punturik lortu (13 tantuko desabantaila daukate), eta, beraz, irabazi beharra daukate.