"Israelek ezin du defentsa eskubidearen izenean genozidio bat eragin"
Gernika Memoriaren Lekukok deitutako mobilizazioan batu dira Merkurion. Okupazioagaz, apartheidagaz eta sarraskiagaz amaitzea eta Palestinak bere estatu propioa eraikitzeko daukan eskubidea onartzea eskatu dute. Era berean, "agintariei presionatzeko" deia zabaldu dute.
Gernika-Palestina. Elkartasuna-askatasuna lelopean, Palestinako herriaren kontra Israel egiten ari den genozidioa salatu zuten atzo iluntzean [azaroak 3], Gernika-Lumon. Urriaren 16an modura, Gernika Memoriaren Lekuko plataformaren deialdiari erantzunez, jendetza batu zen Merkurio iturriaren inguruan. Nazioarteko arauen gainetik eta indar boteretsuenen konplizitatearekin, Israel Palestinaren kontrako “suntsiketa amaiezina” ezartzen ari dela eta “nahikoa dela” adierazi zuten: “Okupazioa, lur eta ondasun usurpazioak, apartheida, oinarrizko eskubideen urraketa, bizitzeko eskubidea galaraztea, gizatasuna kentzea, jendartearen aurkako eraso iraunkorrak, osasun eta elikadura artatzeak galaraztea… nahikoa da”.
Salaketaz gain, Gernika-Lumotik Palestinara elkartasunez eta maitasunez betetako mezua zabaldu zuten, beste behin; gernikarrek palestinarrei esan zieten euren “ondoan daudela, eta euren mina sentitzen” dutela. Hamarkada luzeetako gaztazka horren aurrean, Palestinaren askatasuna aldarrikatu zuten. Plataformaren kideen berbetan, gatazkaren konponbiderako beharrezkoa da okupazioagaz, apartheidagaz eta sarraskiagaz “urgentziaz amaitzea”, eta, horregaz batera, Palestinak bere estatu propioa eraikitzeko daukan eskubidea onartzea.
Agintariak presionatzearen beharra izan zuten hizpide. “Gure izenean sarraski honi kobertura ematea ez dugu onartzen, ezin ditugu hori egiten utzi. Israelek ezin du defentsa eskubidearen izenean genozidio bat egin: hurkoa bonbaz eta tiroz hiltzen, haurrei etorkizuna kentzen, herriari baliabideak laburtzen, egia zentsuratzen eta herriari sustraiak mozten ari da, 1937ko apirilaren 26an guri moztu zizkiguten bezala”.
Sener euskal enpresa armamentistikoak enpresa hadintzea iragarri izana, eta aste honetan Iñigo Urkullu Lehendakaria haren ekitaldian egotea “lotsagarritzat” jo dute. Izan ere, gogoratu zuten enpresak “Israelgo segurtasun instantziekin hartu-emana daukala armen eta teknologia horniketan”. Herritarrak euren interes ekonomikoen konplize ez bihurtzeko eskatu zuten.
Elkartasun zubiak. Nazioartera begira, beste gatazka batzuk ere ez zituzten ahaztu, eta, bereziki, sahararren egoera nabarmendu zuten: “1975eko urriaren 31an hasi zen Sahararen kontrako Marokoren inbasioa, eta, eraso iraunkorren aurrean, eta nazioarteko arau eta akordioak betetzen ez zirela ikusita, 2020ko azaroaren 13an Frente Polisarioa altxamendu militarrera jotzera behartua izan zen berriz ere. Saharar herriarekin elkartasun zubiak ditugu eta izango ditugu beti Gernikatik”. Beste behin, Sahararen askatasuna aldarrikatu zuten.