Gernika-Palestinak Palestinari elkartasuna adierazteko ikastetxeetan eta lan zentroetan mobilizatzeko deia egin du
Martitzenerako [azaroak 7] zabaldu dute deialdia; goizean eta eguerdian ikastetxeetan eta lan zentroetan elkartuko dira, eta arratsaldean udaletxeen aurrean. Berehalako su-etena, eraso guztien amaiera eta zibilen bizia eta segurtasuna bermatzea eskatuko dute.
Su-etena, korridore humanitario seguruak, irtenbide negoziatua eta Palestinaren autodeterminazio eskubidea errespetatzea aldarrikatu ditu Gernika-Palestina herri ekimenak sorreratik, eta azaroaren 7an (martitzena) Gazako sarraskia gelditu! Konponbide politikoa orain! Palestinarekin elkartasuna! lelopean elkarretaratzeko deia zabaldu du: “Bake justu, egonkor eta iraunkorra helburu, nahitaezkoa da okupazioari amaiera ematea eta Palestinaren autodeterminazio eskubidea bermatzea. Ekimen hau guztiona da, eta ez da inorena. Horregatik, mobilizazioak, mota guztietakoak (tokian tokikoak, sindikalak, ikastetxeetakoak…) antolatu nahi dituzten eragile guztiak horretara animatzen ditugu, betiere aurreko hiru puntuak errespetatzen badira”.
Egun hori aukeratu dute gerra hasi zenetik hilabetea beteko delako. Goiz eta eguerdian hezkuntza zentroetan eta lantokietan batzera deitu dute, eta, 19:00etan, ostera, Euskal Herriko udaletxeen aurrean. “Berehalako su-etena, eraso guztien amaiera, zibilen bizia eta segurtasuna bermatzea, laguntza humanitarioaren sarrera ahalbidetzea eta Gazako zerrendaren setioarekin eta, oro har, Palestinako lurraldearen gaineko mehatxuarekin amaitzea” exijituko dituzte.
Palestinarrek eta israeldarrek bakean bizitzeko eskubidea daukatela aldarrikatu, eta konponbide “baketsu eta negoziatua bilatzeko” dei egingo dute, “nazioarteko zuzenbidean eta NBEren ebazpenen betearaztean oinarritutako konponbidea”, hain zuzen ere. Hori lortzeko elkarrizketa prozesua hastea ezinbestekoa dela deritzote.
Zabala eta bateratua. Martitzeneko mobilizazioa ahalik eta zabalena eta bateratuena izatea gura dute, eta, horretarako, alderdi politiko, sindikatu eta mugimendu sozialekin batu dira.
Esate baterako, Bermeon EH Bilduk, Guzanek, Eak, Sortuk, Lab sindikatuak, Bermeoko Mugimendu Feministak eta Ernaik zabaldu dute udaletxe aurrean elkartzeko deialdia. Busturian, Ean eta Mundakan ere arratsaldeko hitzorduak egin dituzte, eta Gernika-Lumon 11:00etan eta 19:00etan Foruen plazan batzeko deialdia egin dute. Gernika Memoriaren Lekuko plataformatik ere mobilitzatzeko deia zabaldu dute: “Testuinguru gordin honen aurrean, herritarrok zer egin dezakegun galdetzen diogu geure buruari etengabe, eta mobilizatzen jarraitzea aukera on bat da”.
Nabarnizen, ostera, domekan [azaroak 12] 13:30ean batuko dira.
Bat egin dutenen artean, Lab sindikatuaren irakaskuntza arlotik, langile gehien elkartzea posible den momentua (eskola sarrera-irteerak, jolastorduak, esklusibak…) aukeratzeko gomendioa luzatu dute: “Egoera oso larria da. Erasoek jarraitzen badute, ondorioak gero eta lazgarriagoak izango dira. Ezin dugu Palestina bakarrik utzi, Palestinak elkartasuna behar du”.