Datozen asteburuetan planik ez da faltako Natxituan
Jai Batzordeak programa zabala dakar azaroko eta abenduko zenbait zapatu eta domeketarako. Asteburu honetan Mikele Landa eatarraren Ullako basoari buruzko dokumentala eskaini, eta zuzendariagaz solasaldian batuko dira, eta, Haizeder Trail ibilaldian herriko ibilbideak ezagutuko dituzte.
Natxituko Jai Batzordeak azaroko eta abenduko asteburuetarako egitaraua prestatu du, udalaren laguntzagaz. Herriak aisialdirako eskaintza izateko helburuz antolatzen dute: “Jai batzordetik urtero antolatzen dugu, herriko taberna, Ermintxok oporrak hartzen dituen garairako. Herriak eskaintza bat edukitzeko da, asteburuetan non egon edukitzeko, adin guztietako jendeak batzeko leku bat izateko”. Horregatik, umeentzako zein nagusientzako egitaraua osatzen saiatzen dira, eskaintza zabala izan dadin. Egitaraua jai batzordetik antolatu arren, astebururo lanak txandakatzen dituzte: “Asteburu bakoitzean kuadrilla batek dauka Bolatokian txanda egiteko ardura, dena jai batzordekoek ez egiteko”.
Dokumental emanaldia eta Haizeder Trail dira asteburu honetako hitzorduak: “Pasadan urtean lehenengo bider antolatu genuen Haizeder Trail ibilaldia, ez da bakarrik umeentzat, herri guztiarentzat da. Auzolanean bideak garbitu ditugu, eta herriko ibilbideak ezagutzeko baliatzen dugu”. Domekan [azaroak 5] izango da ibilaldia (6 km), eta, bihar [azaroak 4], berriz, Mikele Landa eatarraren Ullako basoari buruzko dokumentalaren emanaldiagaz hasiko dute aurtengo programa.
Zuzendaria bera ere Bolatokian izango da. “Basoak berreskuratzeari eta balioari buruzko dokumentala egin zuen, eta aurten aurkeztu du Donostiako Zinemaldian. Eako Udalak bertoko basoak berreskuratzeko proiektua dauka, eta bertoko espezieak landatu dira Ullako basoan. Landak dokumentalerako pasarteren bat grabatu zuen bertoko umeekaz”.
Amaiur Arronategiren Loturez erakusketa da aurtengo berritasunetako bat. Familia artxiboan arakatuta sortu du Arronategik argazkietan oinarritutako bilduma, eta hari buruzko azalpenak emango ditu azaroaren 25ean. Familiako bost belaunaldiren lekukoa “zatika” gordetzen du 200 argazkiz osatutako artxiboak.
Datozen sei asteburuetarako jarduerak prestatu dituzte, eta azkenengo asteburuan bertso saioa izango dute Nerea Ibarzabal markina-xemeindarragaz eta Maialen Lujanbio hernaniarragaz. Hori da ere bada aurtengo nobedadeetako bat: “Berreskuratu egin dugu. Aspaldi, pandemia aurretik antolatzen genuen, baina ohitura hori galduta eduki dugu”.
Bestalde, urtez urte “arrakasta” izaten duten ekitaldiak mantendu dituzte. Orain dela bi urte hasi ziren txot eta talo tailerra antolatzen, eta abenduaren 2an izango da aurtengo hitzordua.”Mus txapelketa bigarren urtez antolatu dugu, eta jendea animatzea nahi dugu; aspaldi Natxituan egiten zen, eta sekulako arrakasta edukitzen zuen”.
Iñigo Lopez Kana musikariaren eskutik, Kitarra jo eta kantuz emanaldia ere ez da faltako, beste urte batez. “Bere kabuz egiten du; urte batzuk daramatza antolatzen eta giro ederra sortzen du, eta batzuetan, Amaiur erromeria taldeko abeslaria Naroa Gaintzagaz bien artean egiten dute saioa”.
Euskararen Egunareko, berriz, bakarrizketa estiloko saioa izango dute lau gonbidaturekin: Iker Plazaola, Maialen Sorzabalbere, Maria Blanco eta Julen Portillo. “Orain arte Euskararen Egunean ez genuen ezer antolatzen, baina, aurten domeka izango denez, gazteentzako eta nagusientzako eskaintza edukitzeko saio hori antolatzea pentsatu genuen”.
EGUTEGIA:
- Azaroak 4, zapatua. Mikele Landaren Ullako dokumentala, 20:00etan, Bolatokian.
- Azaroak 5, domeka. Haizeder Trail Ibilaldia 10:00etan eskolatik irtenda.
- Azaroak 11, zapatua. Mus txapelketa, 17:00etan, Bolatokian.
- Azaroak 19, domeka. Umeentzako pelikula eta palomitak, 17:30ean, Bolatokian.
- Azaroak 25, zapatua. Amaiur Arronategiren Loturez erakusketara bisita gidatua, 11:00etan, Bolatokian.
- Azaroak 26, domeka. Kitarra jo eta kantuz emanaldia, 12:30ean, eta lagun arteko briska txapelketa eta txokolatea, 17:30ean, Bolatokian.
- Abenduak 2, zapatua. Talo jana eta sagardo txotxa, 13:00etan, Bolatokian.
- Abenduak 3, domeka. Bakarrizketa: Iker Plazaola, Maialen Sorzabalbere, Maria Blanco eta Julen Portillo. 19:30ean, Bolatokian.
- Abenduak 9, zapatua. Bertso afaria Nerea Ibarzabalegaz eta Maialen Lujanbiogaz, 21:00etan, Bolatokian.