Busturialdeko Nagusien Dantzari Eguna, Muxikan
Itxas Aldeko, Alkartasunako, Irrintzi Alaiko, Urdaibaiko, Elai Alaiko, Artie Dantza Taldeko eta Baso-Txoritxuko dantzariak Muxikako frontoian elkartuko dira bihar arratsaldean [azaroak 4].
Ekainean ume eta gaztetxoak batu ziren Muxikan, eta, orain, berriz, eskualdeko dantza taldeetako nagusien txanda ailegatu da. 35. Busturialdeko Nagusien Dantzari Eguna ospatuko dute bihar [azaroak 4], Muxikako frontoian. 190 bat dantzarik eskainiko dute ikuskizuna.
Bakioko Itxas Aldeko, Bermeoko Alkartasunako, Busturiko Irrintzi Alaiko, Foruko Urdaibaiko, Gernika-Lumoko Elai Alaiko, Gautegiz Arteagako Artie Dantza Taldeko eta Ibarruriko Baso-Txoritxuko kideek 19:00etan hasiko dute ekitaldia.
50.urteurrena bete zuen Bakioko Itxas Alde Dantza Taldeak antolatu zuen iazko dantzari eguna, eta, aurten, berriz, Baso-Txoritxu Dantza Taldeak hartu du ekaineko ume eta gaztetxoen eta azaroko nagusien dantzari egunak antolatzearen ardura. Bertako kideek biharko dantzaldira hurreratzeko gonbidapena luzatu dute.
Dantzari Dantzagaz hasiko dute saioa, Agintariena, Binango, Ezpata Nagusi eta Txotxongilo dantzatuz. Ostean, Gipuzkoako dantzak eskainiko dituzte: Agurra, Boastitze eta Gipuzkoako Zinta Dantza. Jarraian, ostera, talde bakoitzak dantza bana erakutsiko du: Itsas Aldekoek Ingurutxo eta Jota eta Arin-Arina, Elai Elaikoek Erregelak eta Jota eta Arin-Arina, Irrintzi Alaikoek Iribaseko Ingurutxua, Alkartasunakoek Lapurdiko Dantzak, Artiekoek Pilindros, Urdaibaikoek Polka (Urbeltz) eta Baso -Txoritxukoek Irradaka (Urbeltz).
Emanaldia ezohiko eran amaituko dute; izan ere, publikoak dantzariekin batera dantzatzeko aukera edukiko du: “Soka dantza egingo dugu dantzariok eta ikusleak ere gugaz dantzatzera animatuko ditugu”.
Ostean, euskararen aldeko keinua eginez, manifestua irakurriko dute. Izan ere, “euskararen aurkako oldarraldiaren aurrean” Euskalgintzaren Kontseiluak egindako deialdiagaz zelanbait bat egin gura izan dute, dantzari egunaren data martxotik zehaztuta eduki baitute.
Gero, alkarregaz afalduko dute, eta jakinarazi dutenez, 160 bat dantzarik izena eman dute. Gaua dantzan borobiltzeko, berriz, Zutik taldearen erromeria izango da.