Maria Zorroza eta Imanol Goñi nagusitu dira 15. Lekitto Bixirik herri krosean
Gernika-Lumotarrak eta natxituarrak irabazi dute gaur [azaroak 1], Lekeition. Amandarri triatloi taldekoek aldarrikapenez bete dute lasterketa.
Azaroaren 1a kirol eguna da Lekeition. Gaur [azaroak 1] egin dute 15. Lekitto Bixirik herri krosa, “aurreikuspen denak” gaindituta, korrikalariek hartu dituzte herriko kaleak. Aurtengoa, berriz, berezia izan da, aldarrikapenez bete dutelako Amandarri Triatloi Taldekoek lasterketa herrikoia.
Ohi legez, lehendabizi herriko txikienek egin dute korrika adinaren arabera banatuta. Hori bai, denek ala denak jaso dute domina parte hartzeagatik. Azkenean 12:15ean abiatu da nagusien lasterketa, 200 parte hartzaile inguru izan ditu aurtengoak. Denen artean azkarrena Imanol Goñi natxituarra izan da, ibilbideko 5.500 metroak 18 minutu eta 11 segundotan osatu ditu. Bi segundora bakarrik heldu da Amandarriko Beñat Garcia eta hirugarren zazpi segundora Garraitz kirol taldeko Aner Larreategi.
Emakumezkoetan ere irabazleak Busturialdekoa izan da, Gernika-Lumokoa, hain zuzen ere. Maria Zorrozak 20 minutu eta 58 segundotan geratu du denbora. Ostera ere bigarren geratu da beste lekeitiar bat, Amandarriko Paule Garcia 9 segundora heldu da. Hirugarren Itsaso Gangoitia abadiñotarra izan da 22 minutu eta 9 segundoko denboragaz.
IKUSI ARGAZKI GALERIA ZUZENEAN
Aldarrikapenak. Bi izan dira aldarrikapen nagusiak. Batetik, euskarak “azkenaldian izan duen oldarraldiaren aurka” zapatuko [azaroak 4] Bilboko manifestazioan parte hartzeko deia egin dute. Gogoratu dute Lekeitiotik autobusak antolatu dituztela eta Mandaskatik aterako direla. Bestetik, egun askotan herriko osasun zentroko Etengabeko Arretako Gunea (EAG) medikurik gabe dagoela salatu nahi izan dute, “bakarrik erizainak daude lanean”. Esan dute herria bizirik egoteko “ezinbestekoa” dela osasun arreta ere bizirik egotea.
“Gainera, eskualdeko arduradunek, EAGko medikuei jakinarazi dietenez, hemendik aurrera Durangoko EAGn medikurik ez dagoenean, lekeitiokoek Durangoko txanda betetzera joan beharko dute Ondarroako lankideekin txandaka. Hau da, medikurik gabe utziko lituzkete Lekeitio eta inguruko herriak. Kasu hauetan, ume eta haurdunak Gurutzetako ospitalera joan beharko dira”. Horregatik, ozen esan dute Lekeitioko osasun arreta “defendatu beharra” dagoela.
Hasiera batean, euria mehatxu bazen ere, azkenean, eguerdian, eguzkia atera da. Horrenbestez, antolatzaileek jarritako jan-edana gogotik gozatuko dute, ez bakarrik korrikalariek, baita txalo eta animo artean alboan izan dituzten herritarrak.