Gero eta arrakasta gehiago daukan antzinako tradizioa
Arimekin elkartzeko eguna izan zen atzokoa. Arimen gauean elkartu ziren Busturialdeko herritarrak, eta azken urteetan galduta egon den ohitura hori berreskuratu zuten gero eta herri gehiagotan.
Eskeletoak, sorginak, dragoiak, banpiroak, piratak, txorimaloak… egunerokotasuneak ikusten ez diren horiek kalera atera ziren atzo iluntzean. Arimekin elkartzeko eguna izan zen atzokoa [urriak 31], eta ez ziren falta izan oihuak, garrasiak, zaratak edota barreak.
Euskal Herrian ondo errotutako ohitura da Arimen Gaua, eta azken urteetan, galduta egon den ohitura hori berreskuratzen ari dira eskualdeko gero eta herri gehiagotan. Gainera, herritarren erantzuna ere handiagoa da urtez urte, eta ekintzak gero eta arrakastatsuagoak dira.
Gernika-Lumon, Lurgorri Auzo Kultur Elkarteak deituta, baso beldurgarrian murgildu ziren herritarrak. Mamuak, hildakoak, ohe hutsak, sorginak… denetarik aurkitu zituzten ibilbidean. Pausoz pauso, pauso bakoitzaren ostean zer etorriko ez zekitela egin zuten aurrera, eta ipuin beldurgarrian batu ziren gero, eskolan. Han, gozokiak jaso zituzten txikienek, eta ostean, atariz atari joan ziren gozoki eskean.
Ibarrurin hildakoekin elkartzeko hitzorduari eutsi diote aurten ere, eta Muxikako, Gorozikako eta Ibarruriko emakumeez osatutako Oxigastra Curtisii taldearen hitzorduan bertako zein inguruko herritar asko batu ziren. Bertako hilez gain, nazioartera begira ere ipini dira aurten, eta Palestinan ez dutela hildako gehiagorik gura aldarrikatu zuten.
San Pedro ermitaren inguruan hasi zuten ibilbidea, eta kaixaren gainean dantza erakustaldia eskaini zuten. Jarraian, Andra Mari elizara joan ziren kalejiran, eta bertan karta-jokoan zeuden emakumeekin kontu kontari aritu ziren. Hildakoen ibilbidea frontoian amaitu zuten, dantza ikuskizunagaz. Alargunen Dantza eta Neomak taldearen Ilargi berriak kantagaz prestatutako zinta dantza egin zituzten, herriko abesbatzak lagunduta, eta Zetak-en Zu kantagaz musikatuta dantza bertikala eskaini zuten.
Xanduli, Manduli, Kikirrikiā¦eman goxokiak guri! izan zen eskaera entzunena Ajangizen ere. 2021ean berreskuratutako antzinako ohituragaz jarraitu zuten. Mozorroak jantzita bertaratu ziren armiarma sarez betetako kultur etxera, eta gozokiak batzen joan ziren gero, etxerik etxe.
Bermeotarrak mozorrotuta atera ziren kalera, eta dendarik denda ibili ziren ume, gazte zein nagusiak. Kostako herrian ere, gero eta gehiago dira arimen gaueko ekintzetan parte hartzen duten dendak, eta asko izan ziren, gozoki guztiak amaituta, denda arinago itxi behar izan zutenak.
Ean, eskulanak egiten eta aurpegiak marrazten eman zuten arratsaldea, eta Sukarrietan domekan [azaroak 5] batuko dira. Gau Beltza ipuin kontaketa saioa egingo dute, sei urtetik gorako umeentzat Ludotekan, eta bertara joatako aurretiaz izena eman behar da. Horretarako, 94 687 07 15 telefonora deitu beharko dute interesatuek, edo udala@sukarrieta.eus helbide elektronikora mezua bidali beharko dute.