Bermeon jokatuko da 31. Bertsolari Gazteen BBK Sariketako bigarren kanporaketa
Gaur [urriak 31] aurkeztu dute txapelketa. Lehen kanporaketa azaroaren 6an 10:30ean jokatuko da Markina-Xemeingo Plazaberripeko kultur aretoan.
Datorren astelehenean [azaroak 6] 10:30ean hasiko da 31. Bertsolari Gazteen BBK Sariketa, Markina-Xemeinen. Azaroaren 29an jokatuko da finala Bilbon. Gaur [urriak 31] egin dute aurkezpena, Bilbon. Aurkezpenean egon dira Ione Narbaiza Bizkaiko Bertsozale Elkarteko eragilea, Koldo Bilbao BBKko Kultura arloko arduraduna, Juanjo Respaldiza Bizkaiko Ikastolen Elkarteko koordinatzailea eta Ander Elortegi bertsolaria.
Bertsolari Gazteen BBK Sariketa taldekako txapelketa da, eta talde bakoitzean, hiruzpalauk kantatuko dute, bi multzotan. A mailan 18 urtera arteko hiru bertsolari eta B mailan 19 urtetik 26 urtera arteko hiru bertsolari. “Taldekideen lana talde moduan baloratzen da eta saio bakoitzean puntu gehien batzen dituen taldeak egiten du aurrera”, azaldu dute. Aurtengoa ere horrela izango da, baina berrikuntza nagusia taldeen osaketa bera da. Sariketako taldeak beti egon izan dira Bizkaiko eskualdeetan oinarrituta, eta aurten ere horrela izango da: aurten, ordea, eskualdeek bere horretan baino bertako bertsolarien harreman naturalek osatu dituzte taldeak.
Azken urteetan moduan, hiruzpalau bertsolariko hamabost taldek hartuko dute parte, eta beraz, 50 bertsolari inguru arituko dira kantuan. Kanporaketa bakoitzeko talde irabazlea finalaurrekoetara sailkatuko da, eta finalaurreko bakoitzeko irabazlea finalera. Lau kanporaketa jokatuko dira lehenengo, finalaurreko bi gero, eta azkenik, finala. Saio guztiak eskola-ordutegian egiten dira, beraz, ikusleak ikastetxeetan bertsolaritza lantzen ari diren ikasleak izaten dira. Dena dela, saioak irekiak dira, eta gura duena joan daiteke. Bereziki, finalera etortzeko gonbidapena luzatu dute antolatzaileek. Finala BBK Salan izango da azaroaren 29an, 18:00etan.
Denentzako saria. “Talde izaera” indartu eta “elkarren arteko harremanak” indartu guran, aurten ere, BBK Sariketako sari nagusia taldeko plan bat izango da. Finalistek garaikurrak jasoko dituzte, baina sari nagusia Txapelketan parte hartuko duten gazte guztientzako (bertsolari, gai-jartzaile eta epaile) egun osoko plana izango da. Horrez gain, finalaren egunean, parte hartzaile bakoitzarentzako oparitxoa ere banatuko dute eta aurten, gainera, iazko moduan, kantakera onenaren saria ere egongo da.