"Bada garaia euskararen gaia erdigunean jarri eta elkarrekin eragiteko"
Euskalgintzaren Kontseiluak euskararen alde egiteko azaroaren 4rako [zapatua] deitu duen mobilizaziora joateko deia egin dute eragile ezberdinek Busturialdean. Bilbon, Euskaldunan jarri dute hitzordua, 17:00etan.
Euskararen aurkako oldarraldiaren aurrean, eta “mobilizazio soziala ezinbestekoa” dela oinarri hartuta, kalera atera dira herritarrak Gernika-Lumon. Busturialdeko AEK-k deituta, elkarretaratzea egin zuten barikuan [urriak 20] Merkurion, eta Euskalgintzaren Kontseiluak deituta azaroaren 4an Bilbon egingo den euskararen aldeko mobilizaziora joateko deia egin zuten; Euskaldunan jarri dute hitzordua, 17:00etan. Gernika-Lumoko Euskara Batzordeak ere Bilboko mobilizaziora joateko deia egin du, eta Bermeoko Udalak Bilbora joateko autobusa jarri du: 15:00etan aterako da Kresala aurretik eta 20:00etan itzuliko da. Doakoa da, baina aurretiaz izena eman beharko da; horretarako, gizarte eta kultura etxean edo liburutegian hartu beharko da txartela.
Gernika-Lumoko Udalak zein Busturialdeko beste hainbat herritako udalek ere, euskararen aldeko adierazpena onartu dute: “Adostasun politiko eta instituzionalak zein euskal gizartearen elkarlanak euskararen bizitasuna indartzea ahalbidetu du gure herrietan. Bada garaia urrats bat aurrera egin, euskararen gaia erdigunean jarri eta elkarrekin eragiteko“.
Gaur egun auzitegietatik hartzen ari diren erabakien ondorioek “atzerapauso handiak” eragin ditzaketela dio udalek onartutako adierazpen instituzionalak: “Erabaki horiek atzerapauso handiak eragin ditzakete urte luzeetako ahaleginari esker lortutako eskubideetan eta euskararen biziberritze prozesuan”.
Ez direla “sententzia islolatuak” esan dute, “herritarron hizkuntza eskubideak murrizteko erabakiaren eta oldarraldiaren erakusle baizik”
Izan ere, euskararen biziberritzea helburu duten neurrien kontrako epaiak hartu dituzte epaitegiek azkenaldian, eta “kezkatuta” agertu dira udal ordezkariak: “Gero eta argiago geratzen ari da kasuan kasuko ebazpenetik haragoko joera bat dela, oldarraldi judizial bat”. Diotenez, epai guztiek jomugan izan dituzte “herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko neurriak“, gizartean “adostasun zabala” dutenak. Ondorioz, epaileak “hizkuntza politikak” egiten ari direla salatu dute.
Ildo beretik joan zela EAEko Udal Legearen aurkako epaia adierazi dute. Hau da, uztailean, Espainiako Konstituzio Auzitegiak bertan behera utzi zuen Euskadiko Toki Erakundeen Legearen 6.2 artikulua. “Arau horrek aukera ematen die Bizkai, Araba eta Gipuzkoako udalei erakunde barruko idatzizko dokumentuak erabat euskaraz egiteko, betiere hizkuntza eskubideak urratu barik”, azaldu dute. Gogoratu dute, gainera, legebiltzarrak 2016an onartu zuela lege hori, “gehiengo zabalagaz”, baina orain Konstituzio Auzitegiak bertan behera utzi duela euskararen erabileragaz zerikusia daukan atal nagusiena diote. “Kolpe handia da euskararen normalizazioarentzat, atzera egitera behartzen gaituztelako, bigarren mailako herritarrak izatera”. Ez direla “sententzia islolatuak” esan dute, “botere judizialetik hizkuntza politika aurrerakoiak mugatzeko eta herritarron hizkuntza eskubideak murrizteko erabakiaren eta oldarraldiaren erakusle baizik”.
Eskaerak.
Ondorioz, eta Eudelek Euskadiko Udalaren Elkartearen egoitzan egindako bileran adierazitakoaren harira, udalek berretsi dute Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legearen defentsa, zehazki euskararen esparruan, lege hori udal autonomiaren eta toki erakundeen eskumenen bermatzailea baita: “Legea ezinbestekoa da euskal udalek euskararekiko duten konpromisoa eta euskal udalerrietan euskararen erabileraren sustapena gauzatzeko, herritarrekin duten hurbiltasunetik abiatuta”.
Busturialdeko udalak uste dute epai berri hori toki autonomiaren “aurkakoa” dela, eta hizkuntza arloko udal eskumenen garapena “mugatzen” duela: “Udalak bereziki larritzat jotzen du euskararen erabilera normal eta orokorrerako zerbitzu eta lan hizkuntza dela aintzat jotzen duten dekretuaren artikuluak baliogabetzea”.
Euskararen biziberritze prozesuaz harago, “milaka herritarren” bizitzien bizigarritasuna dagoelako auzian diote
Gehitu du “funtsezko” beste artikulu batzuk ere deuseztatu dituela, hala nola, kontratazio publikoan euskara baloratzeko aukera eskaintzen dutenak edota udal jarduerak euskaraz egiteko hizkunntza plangintza ahalbidetzen dutenak: “Udalak hizkuntza ofizialak ahoz eta idatziz erabiltzeko irizpideak ezin ezartzea, ez barneko ezta kanpoko mailan ere, oztopo da toki erakundeen funtzionamenduan eta, are kezkagarriagoa, euskal herritarrei ematen dizkieten zerbitzuetan euskararen erabilera normalizatzeko”. Kaltetuenak euskara gehien erabiltzen den eta ohiko hizkuntza den udalerrietako herritarrak direla uste dute.
Larria dela gertatzen dena diote, euskararen biziberritze prozesuaz harago, “milaka herritarren” bizitzien bizigarritasuna dagoelako auzian, eta horrez gain, “berdintasuna, justizia eta kohesio soziala”; “funtsean, bizikidetza”.