Jakak Ezkurdia txapelduna kaleratu du, Bermeon
Zapatuan [urriak 28] lortu zuen garaipena Artza frontoian eta Jokin Altunaren aurka jokatuko du finalerdietan.
Artza pilotalekuaren 111 urteko historian, lehen aldiz hartu zuen zapatuan [urriak 28] lau t’erdiko txapelketako partidu bat. Erabakigarria gainera, eta ikuskizunak ez zuen hutsik egin. Joseba Ezkurdia eta Erik Jaka aurrez aurre eta finalerdietarako txartela jokoan, irabazleak bakarrik egingo zuen aurrera. Txapeldun berria izango du aurten txapelketak.
Partidak osagai guztiak zituen lehia handi bat bizitzeko, eta horrela izan zen. Lizartzarrak oso argi zuen zelan jokatu behar zuen, ezin baitzuen distantziako egungo txapeldunaren aurka aurrez aurre jokatu. Ahal izan zuen bakoitzean airearen bila joan zen, arriskatu beharra zuen Ezkurdiak bere erritmoa eta fisikoa ez inposatzeko. Tanto ederrak egin zituen, baina, normala denez, arriskatu beharragaz hutsegiteak egin ere. Tanto gogor asko egon ziren, arbizuarra freskoago ikusten zen, eta hiru tantoko aldea lortu zuen lehen aldiz 8-11koagaz. Baina Jakak gehiago asmatu zuen eta lehen atsedenaldira aurretik joan zen: 11-12.
11-15 alde egin zuen gipuzkoarrak, 0-7ko partziala eta bere momenturik onenean laburregi sakatu zuen. Berak eman zion bizia Ezkurdiari, eta txapeldunak sen irabazlea atera zuen eta 16-15 aurreratu zen. Hura izan zen bere azken tantoa. Jakak min handia egin zuen sakeagaz eta lehen pilotakadan ez bazen, bigarrenean amaitzen zuen tantoa. Azkenean 16-22 eta finalerdietarako txartela. Jokin Altunaren aurka jokatuko du lizartzarrak, hau da, udako San Ferminetako lau t’erdiko txapelketako finala errepikatuko dute.