Azoka bete-betea
Urriko Azken Astelehenean milaka bisitari elkartu dira Gernika-Lumoko kaleetan. Ekoizleek aurreikuspenak "bete" dituzte, eta salmentak "ondo joan direla" adierazi dute.
Gernika-Lumoko Urriko Azken Astelehenak milaka bisitari erakarri ditu gaur [urriak 30]. Lehenengo ordutik ibili dira bisitariak erosketak egiten, eguerdi parteko jende uholdea saihestu guran. 09:00etatik 15:00ak bitartean, 307 postutan eskaintza bete-betea egon da Gernika-Lumon.
Irekiera orduaren aurretik, baserritarrak eta askotariko ekoizleak eta artisauak azken ukituak egiten ibili dira euren postuetan, bisitariak hartzeko dena dotore-dotore edukitzeko. Urteko plaza garrantzitsuenetakoa eta berezienetakoa da asko eta askorentzat Urriko Azken Asteleheneko Azoka.
“Pozik” zegoen Jacqueline Txertudi Kortezubiko Nanike-ko baserritarra. Salmentak “ondo” joan direla esan du, baina, iaz baino gutxiago saldu zutenaren susmoa zeukan. Gehien saldu duena “azokako altxorra” izan da: Gernikako indaba. 18 eurotan saldu da kiloa azokan. Txertudik 150 bat kilo eroan ditu Gernika-Lumora: “Uste dut iaz gehiago saldu genuela, gero, etxera joan eta kontuak egin beharko ditugu, baina hori da daukadan sentsazioa. Indabez gain, intxaurrak, irina, txorixo-piperrak, porruak, kalabazak, eskarolak, gaztainak… ekarri ditugu”.
Kortezubiko Santana Esneak-eko ekoizleek ere salmenta “onak” izan dituzte. Aurreikuspenak “bete” dituzte. Bigarren urtez jarraian parte hartu dute azokan, eta gazta freskoa, esnea eta zapore askotariko jogurtak saldu dituzte batik bat : “Ondo saldu dugu; esnea dena amaitu zaigu, eta gaztaien bila joan behar izan dugu, gehiago ekartzeko”.
Eztietan lehenengo saria irabazi duten Zornotzako Urikoa Eztiaren arduradunen berbetan, Bilboko San Tomas Azoka etaUrriko Azken Astelehenerako Azoka dira urteko plaza onenak: “Ezti berria, ginarraren ezti berria da gehien saldu duguna. Zorionez, lehenengo saria lortu dugu, gainera, eta oso ondo saldu da. Goiz erdia izan da momenturik indartsuena”. Zornotzarrak eztigintzan hasi zirenetik joaten dira Urriko Azken Astelehenerako Azokara: “Betidanik etortzen gara, orain dela 25 bat urtetik bai, eta azkenengo urteetan zorte ona izan dugu”.
Euskal Herriko hamaika txokotako ekoizleek bat egiten dute urtero Gernika-Lumon, eta kanpotik etorritako ekoizleetako bat izan da Hazparneko Larramendi Gaztandegia. Zortzigarren urtez izan dira Urriko Azken Astelehenerako Azokan: “Iparraldetik heldu gara, eta ardi, behi eta ahuntz gazta saltzen dugu, eta pintxoak ere ondo saldu ditugu”.
Sariak
- Barazkiak: Bihortzatxu Baserria.
- Gazta:
- 1. Aizpea (Olaberria, Gipuzkoa).
- 2. Agiñiga (Agiñiga, Araba).
- 3. Mausitxa (Elgoibar, Gipuzkoa).
- Loreak eta landarea: Ortuberri.
- Eztia:
- Txilar eztia. Urikoa – Eugenio Elorza.
- Milalore. Gure Eztia – Valentin LLona.
- Frutak: Urtza Sarrionaindia.
- Txakolina:
- Zuria. Zabalondo 2022 (Magalarte upeltegia, Zamudio).
- Gorria. Erdikoetxe 2022 (Erdikoetxe upategia, Lezama).
- Beltza. Gozamena 2021 (Erdikoetxe upategia, Lezama).