1.000 eurotan erosi dute Olaberriako Aizpea gaztandegiaren gazta
Juanjo Diego gernikarrak erosi du aurtengo gazta irabazlea; bigarren gaztaren enkantea, berriz, hutsik geratu da.
Jose Antonio Bastegieta Marko-ren lekukoa hartu du gaur [urriak 30] Luis Mari Bengoak Urriko Azken Asteleheneko gaztaren enkantean. Gazta gozoena, epaimahaiaren arabera, Olaberriako Aizpea gaztandegiarena izan da. Gazta onenaren prezioa, hala ere, nabarmen jaitsi da. Iaz, 6.100 eurotan saldu zuten, aurten, berriz, 1.000 eurotan erosi du Juanjo Diego gernikarrak. Enkantea hasi eta amaitu egin da 1.000 eurotan. “Oso gernikar sentitzen naiz, eta ikusten nuen inork ez zuela enkantean parte hartzen, oso tristea izan da gaurko enkantea, eta bertokoa izanda animatu egin gara parte hartzera. Pentsatzen genuen gu hasita beste batzuek jarraituko zutela, baina inor ez da animatu eta pozik gaude, gazta disfrutatuko dugu. Familia guztia batu eta datorren asteburuan jango dugu”, esan du Diegok.
Bigarren saria, Agiñigako gaztak eroan du, enkantea, hala ere, hutsik geratu da; inork ez baitu enkantean parte hartu.
Mikel Etxezarreta, gazta onenaren irabazleari elkarrizketa:
Garrantzitsua da zuentzat Gernikan egotea?
Oso garrantzitsua da, bai. 28 urtera arte artzai transhumantea izan naiz, eta niretzako egun kutuna da gaurkoa.
Urtero etortzen zarete?
Bai, gure bezeroetako batzuk Gernika-Lumora datoz gaurko egunean, eta hemen egiten dugu gaztaren entrega, era berean agurtu egiten ditugu.
Ez da Gernikan lehenengo saria hartzen duzuen lehenengo aldia.
Urriko Azken Asteleheneko lauzpabost sari nagusi dauzkagu, eta bigarrenen bat ere bai, ez naiz buru onekoa. Gernika-Lumokoa sari garrantzitsua da, jende asko ezagutzen dugu hemen.
Beste sariketa batzuetara aurkezten duzue gazta?
Bai, urteak ez dakizkit, baina Euskal Herriko bost txapel dauzkagu. Aurten, Arabako Araiako herrian Andra Mari saria irabazi dugu. Sariketetan oso ondo gabiltza, pozik gaude.
Zenbat gazta ekarri dituzue Gernika-Lumora?
100 bat gazta ekarri ditugu, eta normalean dena saltzen dugu; aurten ere horrela izango dela uste dut.
Sekreturik ba al dauka zuen gaztak?
Ez dauka sekretu berezirik. Artalde txukuna daukagu, elikadura onagaz. Gaztaren prozesua besteena modukoa dela esango nuke.
Esperotako giroa dabil Gernika-Lumon?
Esperotakoa ez. Gaur goizean iritsi garenean, aurreko urteekin alderatuta, triste ikusi dut giroa, baina gero altxatzen joan da, eta orain –saria hartu ondoren– kaleak gainezka daude, eta pozgarria da kaleak modu horretara ikustea.
Mota honetako sariek lagundu egiten dute gazta gehiago saltzen?
Sariek beti laguntzen dute; azken finean, gure bezeroenganako berme bat ere bada