Errezetarik onenaren osagaiak: gazteria, elkartasuna eta arroza
Hainbat eta hainbat lagun elkartu ditu Astelehentxutxu jaiak. 65 paella aurkeztu dituzte Astrako aparkalekuan. Bazkalostean mus, briska eta beer-bong txapelketak egingo dituzte, iluntzeko poteo girotua eta kontzertuak orduko.
Iazko Itxutxulera-ren ondoren, Gernika-Lumoko eta inguruko gazteak elkartzeko, euren artean komunikatzeko, saretzeko eta jai giroan biltzeko egunak, Astelehentxutxuk, aurrera dirau. Ospakizun soinekoz jantzita eta GureTXUgu lelopean batu dira gaur [urriak 28], Astra kultur faktoriako aparkalekuan, hainbat eta hainbat gazte, jaialdi bereziaz gozatzeko. 10:00etan ekin diote egitarauari, orduantxe zabaldu baitute informazio gunea. Urteroko paella txapelketarako atonketak, ostera, beranduago abiatu dituzte: 12:00etan.
Apurka-apurka lagun taldeak aparkaleku eremura bertaratzen joan dira eta jan-edanean aritu dira, paellak prestatu bitartean. Aurten, guztira 65 paella aurkeztu dituzte sariketara, kuadrillentzat eurentzat egindakoez gain. Iazko ekitaldian, 57 izan zen aurkezturiko paellen kopurua, eta 700 lagun inguru bildu ziren Merkatu Plazan. Aurtengoan, horrenbestez, zifra horiek gainditu egin dituzte: zortzi paella gehiago, eta 1.000 lagunetik hurre. Markak apurtuta, beraz. Paellarik onenaren saria, aurten, Artiakoak kuadrillarentzat izan da. Urtero txarrenari eman ohi dioten kontsolamendu saria, aldiz, Txorbitx lagunarteak jaso du. Paellarik originalena, bestalde, Mambo izan da.
Antolakuntza lantaldeko kideak “benetan pozarren” agertu dira kopuruokin: “Jendea hurreratzea espero genuen arren, urrats bat gehiago egin dugu iaztik aurtengo ekitaldira. Gainera, arratsaldeko egitasmoetara ere jendea animatu egingo da eta, hortaz, jai giroak eta gazteen arteko hartu-emanak egun osoan aurrera egingo du”. Eguerdirako Astelehentxutxuko zapiak jadanik agortuta zeuden, eta bazkalosteko jardueretako zerrendak, ostera, betetzen hasiak. Mus, briska eta beer-pong txapelketak eta bingo musikatua egingo dituzte, partaidetza apartagaz: musean hamar lagunarte inguru ariko dira; briskan, aldiz, hamabost inguru; beer-pongean, ordea, berrogeitik gora.
18:00etan, aldarrikapenerako tartea egongo da, Guggenheim Urdaibai makroproiektuaren kontrako manifestazio zaratatsuan parte hartzera deituak baitaude gazteak ere. 19:00etan, baina, jai giroari helduko diote berriro, herriko tabernetan zehar poteo girotua egingo baitute, Pasealekua abiapuntu. Gauean, Astrako aparkalekuko karpa berriz bihurtuko da jaietako epizentro, zuzeneko musika tarteko; Mikosis, The Uski’s eta Gorriontxu eta Laztana izango dira dezibelak eta gazteen aldartea goi-goitik ipiniko dituztenak.
Astelehentxutxu egonkortze prozesuan bete-betean sartuta dago, pandemiaren astinaldiaren ondoren. Erronkak argi eta garbiak dira: belaunaldirik gazteenak eta beteranoagoak direnak erakartzea. Gaurko ekitaldia, zentzu horretan, garaipena da bidean. Baina, bidea oinez egin ohi denez, Txutxu-k badu tarterik betetzeko oraindik. Eta gazteria oinez segitzeko konpromiso zapatilaz jantzita dago.
ARRATSALDEKO EGITARAUA
- 16:30. Mus, briska eta Beer Pong txapelketak.
- 19:00. Poteo girotua, Pasilekutik.
- 22:00. Kontzertuak: Mikosis, The Uskiās eta Gorriontxu eta Laztana.