Omako Baso Margotua, berrinauguratuta eta bisitarientzat zabalik
Agustin Ibarrolak sortutako baso ikonikoa lekualdatu, eta gaur [urriak 27] berrinauguratu dute. Bisitarientzako zabalik dago, beraz. Bisita librea nahiz gidatua egiteko, aurretiaz erreserba egin beharko da.
Omako Baso Margotua biziberrituta dago. Agustin Ibarrola sortzailearen baso famatua 2019ko apiriletik zarratuta egon da, bertako pinudien gaixotasuna tarteko. Itxialdiak, baina, berea egin du: lekualdatuta eta Ibarrolaren lana bilduta, Omako Basoa zabalik dago berriro. Gaur [urriak 27] egin dute basoaren inaugurazio ekitaldia. Bertan egon dira, besteren artean, Bizkaiko Ahaldun Nagusi Elixabete Etxanobe, Euskara, Kultura eta Kiroleko diputatu Leixuri Arrizabalaga, egilearen senideak, eta lekualdatze proiektua aurrera eroan duen aditu taldeko ordezkariak.
Kokaleku berriagaz, basoak “askoz hobeto” islatzen du egilearen oinarrizko proposamen artistikoa. Jatorrizko basoak baino zuhaitz margotu gehiago dauzka haren aldameneko sailetan kokatuta dagoen egungoak, lehendabizikoen dimentsioak zein ezaugarriak errespetatuz. Ez hori bakarrik: baso berrituak dituen 34 multzo artistikoetako lau berriak dira. Izan ere, aditu taldeak berreskuratu egin ditu Kordobako Meskita, Haritzari Omenaldia, Mehatxu Nuklearra eta Diagonal Bidimentsionala. Multzo horiek 1989an galdu ziren.
Horrenbestez, basoa osatzen duten 800 zuhaitzek lan artistikoaren “irakurketa berritua” erakustsi dute. Berrikuspen horren barruan, hain zuzen ere, zenbait kontzeptu nahiz izenburu berrinterpretatu egin dituzte, “euren ezaugarriak, esanahia eta elementuak zehaztasunez definitzeko”.
Fernando Bazeta: “Margolanen migrazioa zorroztasunez eta kontu handiz egin dugu; multzo batzuk, beharbada, hobeto uler daitezke orain, eta gehiago hurreratzen dira Ibarrolak bilatzen zuen hartara”
Lan horiek egiteko, EHUko Fernando Bazeta aditua eta bere taldea izan dira protagonista. Bazeta bera izan da gaur basoaren estreinako bisita gidatua egin duena. Ibilaldia abiatu orduko, espezialistak argitu du, lekualdatzea eta birmoldaketa egiterakoan, “metodo ia-ia zientifikoa” baliatu dutela: “Arte garaikidearen mugak non dauden zehaztea ez da gaitza, baina esango nuke zenbait alderdi eta irizpidetan aitzindari izan garela”. Toki aldaketaren alderik gaitzena, azaldu duenez, eremu berrian baso zaharrak transmititzen zituen “sentsazio eta ikuspuntuak islatzea” izan da: “Margolanen migrazioa zorroztasunez eta kontu handiz egin dugu; multzo batzuk, beharbada, hobeto uler daitezke orain, eta gehiago hurreratzen dira Ibarrolak bilatzen zuen hartara”. Basoa, 47 multzo artistiko edukitzetik 34 izatera igaro den arren, orain “osatuagoa eta koherenteagoa” dela adierazi du Bazetak.
Elixabete Etxanobe: “Denbora luzez egindako lan gogorra jendaurrean aurkezteko ordua ailegatu da. […] Orain, Ibarrolaren arteagaz hobeto konekta dezakegu”
Etxanobek, basoaz mintzatzean, ezinbesteko elementu biren ezkontza eduki du ahotan: “obrarena eta ikuslearena”. Era berean, “aitortza” egin beharra nabarmendu du. “Denbora luzez egindako lan gogorra jendaurrean aurkezteko ordua ailegatu da”, azpimarratu du. Zentzu horretan, gogoan eduki ditu prozesuan lagun izandako denak: “Ibarrolaren senideak eta, batez ere, bere seme Jose; Bazetak zuzendutako EHUko lantaldea; eta prozesuan partaide izan diren guzti-guztiak. Orain, Ibarrolaren arteagaz hobeto konekta dezakegu“.
Jose Ibarrola: “Baso eraberritu honek ez ditu bakarrik Ibarrolaren eta bere jardun artistikoaren memoria aintzatesten, baita horrek errepresentatzen duen herri eta gizarte memoria ere”
Ondoren berba hartu du, hain zuzen, egilearen semeak: Jose Ibarrolak. “Poztasun handiz” hartu du baso berriak irudikatzen duen “memoria ariketa“: “Baso eraberritu honek ez ditu bakarrik Ibarrolaren eta bere jardun artistikoaren memoria aintzatesten, baita horrek errepresentatzen duen herri eta gizarte memoria ere. Bazetak bere taldeak egundoko beharra egin dute, batez ere, hainbesterainoko beldurrez edo ezjakintasunez bizi izan genituen lehendabiziko hilabeteetan. Migrazioa egiterakoan, arreta deitu dit zelan berrinterpretatu dituzten multzoak, eremu geografiko berrira egokiturik“.
Jose Ibarrolak azaldu du berrinterpretazio hori “bereziki nekeza” izan dela, aitak modu berezian sortu baitzuen lehen basoa: “Urte luzez eta multzoak banan-banan landuz, Ibarrolak bisitak egiten ziren alderantzizko ordenean sortu zuen basoa, hau da, behealdetik gorantza [bisitak goiko alderdian hasten ziren]; irakurketa eta lanerako molde horiek beste leku batean aplikatzeak, jakina, egundoko zailtasunak dakartza, eta esango nuke bikain lortu dutela, migrazioak eduki dituen bi faseetan”.
Bisitei buruzkoak. Obraren, eremuaren eta ingurunearen jasangarritasuna bermatuta egon dadin, bai bisita gidatuak, bai bisita libreak aurretiaz erreserbatu beharko dira, internet bidez. Bisita egin baino ordubete lehenago, sarrera baliozkotu egin beharko da SantimamiƱeko arreta gunean. Postu horretatik basoraino, 2’8 kilometro inguruko ibilaldia egin beharko dute bisitariek.
Bisita gidatuak eta libreak egin ahalko dira, denak aurretiaz erreserbatuta eta sarrera baliozkotuta; gainera, doako anezka zerbitzua egongo da Gernika-Lumotik
Gidadun bisitak zapatuz baino ez dituzte emango; 11:00etan gaztelaniaz egingo dute, eta 12:00etan, ostera, euskaraz. Salbuespen legez, ondorengo egunetan ere egingo dituzte: azaroaren 1ean; abenduaren 6an, 7an, 8an, 9an eta 10ean; martxoaren 28an, 29an, 30ean, 31n; apirilaren 1ean; Aste Santuan; eta maiatzaren 1ean. Bisita librea dohakoa izango da, eta gidatuaren tarifa orokorra, aldiz, 10 eurokoa; ordubete inguruko iraupena edukiko du azken horrek, eta libreak, berriz, ordu tarte aukeratu beharko da, erreserbatzerakoan. Horrez gain, basoa libreki bisitatu ahal izateko, 09:30etik 15:00etara bitartean joan beharko da.
Gidadun bisitaldiaren tarifa 10 euroko izan arren, eskaintza murriztuak ere egongo dira: 12 eta 26 urte artekoek, 60 urtetik gorakoek, dibertsitate funtzionala dutenek, langabezian daudenek, pentsiodunek eta familia ugaridunek 5 euro ordaindu beharko dituzte. 12 urtera artekoak, irakasle nahiz gidak, nagusi txartela dutenak edota premia bereziak dituzten pertsonen laguntzaileak doan sartu ahalko dira. Bestalde, SantimamiƱeko aparkaleku eremuko plazak mugatuak direnez, Gernika-Lumoko Geltokia autobus geralekutik doako anezka zerbitzua ipiniko dute; eskaintza hori azaroaren 1ean abiatuko dute, eta astebururo erabilgarri egongo da. SantimamiƱerako autobusak orduro aterako dira, 09:00ak eta 13:00ak artean.