Lointek Gernika Bizkaiak aurrerapauso garrantzitsua eman du Eurocup Womenen
Talde gernikarrak 78-59 irabazi zion atzo [urriak 25] MB Zaglebie Sosnowiec talde poloniarrari multzokako faseko Europako etxeko azken partidan.
Partida garrantzitsua zen Lointek Gernika Bizkaiarentzat, eta Lucas Fernandezen taldeak ez zuen hutsik egin. 19 puntuko aldeagaz bideratuta utzi du Eurocup Womeneko kanporaketetara aurre egitea. MB Zaglebie Sosnowiec bigarren posturako aurkari zuzena da eta gernikarrek gogotik egin behar izan zuten lan atzo [urriak 25] garaipena eskuratzeko.
Hasieran, arazoak izan zituzten Quin Dornstauder geratzeko uztai inguruan. Etxeko taldeak hiruko marratik egin zuen min, Gabby Nikitinaitek batez ere, sei hiruko sartu zituen eta orain arteko bere partidarik onena osatu zuen. Roso Buchen eta Sara Maderaren bi hirukok 19-13ko aldea zabaldu zuen Malosteko markagailuan. Crystal Bradforden sarreragaz taldeak beste martxa bat jarri zion lehiari, 37-22 aurreratu arte. Talde poloniarrak, berriz, ez zuen amore eman eta partidara itzultzea lortu zuen. Atsedenaldirako etxekoek abantaila galduta zuten: 37-34.
Hori gutxi ez, eta aurretik jartzea lortu zuten, guztira 0-16koa zen kanpokoen partziala. Lointek Gernikak aurrerapausoa eman zuten defentsan batik bat, eta erasoan Grace Bergerrek bere kalitatea inposatu zuen. 23-0ko partzialak argi utzi zuen partidaren garrantzia. 62-39koagaz poloniarrak 12 minutu egon ziren punturik sartu gabe. Azken minutuetan ostera ere erreakzionatu zuten, baina gernikarrak jakitun ziren Poloniarainoko bidaia falta zela, eta hobe zela ahalik eta tartetik handiena zabaltzea markagailuan.
Lucas Fernandezek “talde lana” nabarmendu zuen, momentu onetan zein txarretan: “Gure oinarriak eta izaera ez ditugu galdu behar eta hori da gustuko dudana taldeaz. Inspirazio uneak izan ditugu, baina benetan garrantzitsuena talde lanean oinarritu da, hori da bidea”.
Ezagunak. Hain zuzen ere, Lointek Gernikaren jardunak ez du etenik. Domekan [urriak 29] 12:00etan jokatu dute Hozono Global Jairisen aurka, Murtziako Alcantarillan. Bi taldeak berdinduta daude sailkapenean hiru garaipen eta porrot bakarragaz. Fernandez entrenatzailea bere azken taldera itzuliko da, bertan dago baita ere Belen Arrojo Lointek Gernikako jokalari ohia.