Lau t'erdiko finalerdietarako txartel bat Artza pilotalekuan erabakiko da
Artza Udal Pilotalekuak hartuko du, zapatuan [urriak 28], lau t'erdiko txapelketako final-laurdenetako ligaxkako azken partidua. Erik Jakak eta Joseba Ezkurdiak jokatuko dute: galtzailea lehiaketatik kanpo geratuko da; irabazleak Jokin Altuna zain edukiko du finalerdietan.
Erik Jaka lizartzarrari eta Joseba Ezkurdia arbizuarrari zirt edo zart egiteko unea ailegatu zaie. Zapatuan [urriak 28], Bermeoko Artza Udal Pilotalekuan, lau t’erdiko esku pilota txapelketako final-laurdenetako azken ligaxkako azkenengo partidua jokatuko dute. Biek ala biek kale edo bale egin beharko dute, finalerdietara sailkatuko badira. Izan ere, galtzailea txapelketatik kanporatuta geratuko da; garaileak, ostera, Jokin Altuna amezketarra edukiko du zain finalaurrekoan.
Hitzordu oso esanguratsua izango da Bermeoko herriarentzat: Artza pilotalekuaren 111 urteko historian, estreinakoz hartuko du lau t’erdiko txapelketako partidu bat. Internetez nahiz txarteldegian eros daitezke sarrerak, 10 eta 15 euroko prezioen artean, kokalekuaren arabera. Antolatzaileek ikusleek partiduari jarraipena eta babesa ematea espero dutela adierazi dute, modu horretan etorkizunean partidu adierazgarriei frontoi horretara jarraipena ematen segitu ahal izateko.
Joseba Ezkurdia: “Etxeberriaren aurkakoan, ez nuen asmatu distantziak nahiz denborak ganoraz neurtzen; akats horietatik ikasi beharko dut”
Txapeldunaren azken aukera. Lau t’erdiko distantzian garaipena birritan lortutako Ezkurdiak iaz ere egoera berbera bizi izan zuen: azken txanpan lortu zuen finalaurrekoetarako txartela, Unai Laso nafarraren kontra. Azken partiduan, porrot gogorra jaso zuen Peio Etxeberria zenoztarraren kontra. Iragan martitzenean [urriak 24], Artzan materiala probatu ondoren, “buruz eta ideia argi eta garbiekin” jokatu beharko duela azaldu zuen egungo txapeldunak: “Etxeberriaren aurkakoan, ez nuen asmatu distantziak nahiz denborak ganoraz neurtzen; akats horietatik ikasi beharko dut, datorren partiduari begira”.
Erik Jaka: “Neure erritmoa ezartzen eta erremateak aprobetxatzen saiatu beharko naiz, fisikoki sasoiko igartzen baitut neure burua”
Jakak, bere aldetik, Ezkurdiak baino partidu bat gutxiago jokatuta eta, horrenbestez, atseden gehiagogaz hartuko du Bermeoko zita. Izan ere, Iker Salaberria goizuetarraren kontra ez zuen jokatu, azken horrek min hartu baitzuen. Erremateetan dituen aukerak zukutu beharko dituela adierazi zuen Artzan: “Neure erritmoa ezartzen eta erremateak aprobetxatzen saiatu beharko naiz, fisikoki sasoiko igartzen baitut neure burua. Ezkurdia moduko aurkariei min egitea oso gaitza da, baina partidua aurrera atera dezakedala uste dut”. Pilotari biek Artzakoa kantxa “oso irregularra” dela argitu dute, bai frontisari, bai ezker paretari dagokienez. Hori dela eta sakeek, “garrantzi handia” eduki dezakete, Jakaren arabera: “Nahitaezkoa izango da hala ondo ateratzea, nola sakeei ondo erantzutea”.
Elezkano II.a-Rezusta eta Dario-Zabaleta bikoteek jokatuko dute, lau t’erdiko partidua orduko
Lau t’erdiko norgehiagoka orduko, binakako esku pilotaz gozatzeko aukera paregabea edukiko dute bertaratzen direnek. Danel Elezkano zaratamoztarrak eta Beñat Rezusta bergararrak aurrez aurre edukiko dituzte Dario Gomez errioxarra eta Jose Javier Zabaleta nafarra. 17:15ean ipiniko dute abian bikotekako neurketa; lau t’erdiko txapelketakoa, ostera, horren jarraian lehiatuko dute.