"Aurtengo helburua, gutxienez, iaz lortutakoa berdintzea izango da"
Gernika-lumotarrak hirugarren aldiz jarraian jokatuko du Winter Series txapelketa. Gainera, erretiroa hartuko duen Iñaki Osa Goikoetxea zumaiar beteranoagaz arituko da Jai Alain, etxekoen aurrean.
Winter Seriesen hirugarren ekitaldia izango da, eta txapelketaren bilakaera guztia bizi izan duzu. Zelan ikusten duzu bide hori guztia eta zelan hartzen dugu aurtengo lehiaketa?
Ilusio handiz hartzen dut. Duela urte bi, lehen ekitaldia Ameriketatik itzuli berritan jokatu nuen. Orduko egoera zela eta, frontoia jendearentzako zarratuta zegoela jokatzeko diseinatu zuten, hau da, ikuslerik gabe; azken orduan, baina, pilotalekua ireki zuten eta, promoziorik egin gabe, 400 lagun bertaratu ziren. Orduz geroztik, lehiaketak gora eta gora besterik ez du egin. Horrenbestez, oso gogotsu hartuko dut aurtengoa ere. Jadanik bikain ezagutzen dut txapelketa, eta ederto egokitzen zait.
Fisikoki, zelan ekingo diozu lehiari?
Ondo, sasoiko nago. Irailean Hondarribian jokatu nuenetik, ez dut besoan minik eduki. Tartean, atsedenaldi txiki bat egin nuen, eta duela aste bi bueltatu nintzen kantxara, Markina-Xemeinen egindako Urriko Azoka Nagusian. Han frogatu ahal izan nuen sasoi puntu onean nintzela. Gainera, erresistentzia aldetik iaz data honetan nengoena baino apur bat hobeto nagoela esango nuke.
“Pilotalekuan, guzti-guztiok jomuga bakarra dugu: irabaztea”
Iazko Winter Seriesen, tanto bakarra falta izan zitzaizun, txapelketa poltsikoratzeko. Arantza ateratzeko asmoz hartuko al duzu aurtengoa?
Ez. Pilotalekuan, guzti-guztiok jomuga bakarra dugu: irabaztea. Iaz, edozelan ere, oso pozarren amaitu nuen egindako lanagaz; partidu onak egin genituen, eta ikusleek pila bat gozatu zuten. Aurtengo helburua, gutxienez, iaz lortutakoa berdintzea izango da.
Zer iruditzen zaizkizu aurten osatu dituzten puntista bikoteak?
Bikote lehiakorrak eta orekatuak egin dituzte. Zortzi bikotetik, hiruk hautagai postua hartu dutela uste dut: batetik, Johan Sorozabal-Imanol Lopez; bestetik, Aritz Erkiaga-Ion Ibarluzea; horiez gain, gu geu. Hiru horiek bolo-bolo dabiltza; jendearentzat, horiexek dira aurtengo lehiaketan gailentzeko faboritoak. Edozelan ere, ezin daiteke inor gutxietsi, edonork ezustekoa eman baitezake.
“Jokin Arbe-Mikel Mantzisidor edo Gorka Sorozabal-Ludovic Laduche bikoteak txapelketan oso urrun ailegatzea ez litzateke ezustekoa izango”
Jokin Arbek eta Mikel Mantzisidorrek Pro-Am txapelketan nagusituta poltsikoratu dute Jai Alain aritzeko txartela. Ezusteko horietako bat eman dezakeen bikoteetako bat hori al da?
Izan daiteke, bai. Horiekin batera, Gorka Sorozabal-Ludovic Laduche bikotea ere aipatuko nuke. Zesta-punta gogorra eta dotorea jokatzen duten puntistak dira denak ala denak, eta sorpresa eman dezakete. Horrez gain, presio barik kantxaratzea euren mesedetan baliatu dezakete. Bikote bi horietako bat txapelketan oso urrun ailegatzea ez litzateke ezustekoa izango, guztiak goi-mailako puntistak baitira.
Urriko Azken Astelehenean jokatuko duzu berriro, eta partidu gogorra izateko osagai guztiak ditu.
Bai. Aurkariak, Erik Mendizabal eta David Minvielle, puntista oso trebeak dira. Mendizabalegaz zazpi urte egin nituen Ameriketan, eta han izar handia zen. Egia da urte eta erdi lehiaketatik kanpo egon dela eta, beharbada, sasoi fisiko apur bat faltako zaiola. Dena dela, oso ondo ikusten dut. Minviellek, bere aldetik, ezer gutxi dauka frogatzeko: atzelari oso segurua da, eta Jai Alaiko kantxa ederto egokitzen zaio.
“Aurten ni izango naiz gernika-lumotar bakarra. Maila handia ematen saiatzeko beste arrazoi bat izango da”
Zure anaia Urkok sobera ezagutzen du biarnotarra: iazko Winter Seriesen bikote egin zuten. Bai anaia, bai Xabi Lekerika faltan botako dituzu aurtengoan, ezta?
Bai. Anaiak aurten ez du lortu Pro-Am txapelketan sailkapena lortzerik; Barandika, ostera, epe luzeko lesio batean murgilduta dago; Diego Beaskoetxea, berriz, iaz goi-goitik erretiratu zen. Hortaz, aurten ni izango naiz gernika-lumotar bakarra. Maila handia ematen saiatzeko beste arrazoi bat izango da.
Goiko aurrelari edukiko duzu, bere azken Winter Seriesean. Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula.
Ohore handia da beragaz jokatu ahal izatea. Nik, profesional mailan jokatzen hasi nintzenean, beragaz lehiatu nuen neure lehen hitzordu handietan, eta polita izango da zirkulu hori Jai Alain zarratzea. Ondo dakit zelako puntista den, eta hark ere bikain ezagutzen nau. Oro har, bikote oso sendoa osatzen dugula esango nuke.
“Urriko Azken Asteleheneko partidua hitzordu oso berezia da, urteko berezienetakoa”
Zelako jokoa duzue buruan?
Geure indarguneak ezagututa, material biziagaz jokatzea interesatuko zaigu: ni ondo moldatzen naiz eskumagaz; Goikok, aldiz, hobeto aprobetxatu dezake errebotea. Alderdi bi horiek ahal bezainbeste mugatzeko, aurkariek pilota mantsoagoak baliatuko dituzte, jokoaren indarra murrizte aldera.
Berriro jokatuko duzu Urriko Azken Astelehenean. Herrian, etxekoen aurrean eta data hain berezian jokatzeak zer suposatzen du?
Oso berezia da, urteko berezienetakoa; are gehiago, izen hain handiko bikotekideagaz jokatuta. Zesta-punta partiduek betidanik eduki izan dute sona egun horretako egitarauaren barruan, baina azken urteotan egitarau barruan finkatu egin dira.
“Azken zazpi urteetan ni pilotaririk gazteenetako bat izan naiz, eta orain hori aldatu egin da”
Iaz, hirugarren setean lau eta bat aurretik joatetik launa berdintzera pasatu zinetan, azken tantoan garaipena lortzeko. Aurten, aukeran, estutasun gutxigogaz irabazi gurako duzu, behintzat.
Bai eta ez. Markagailu estuagaz jokatzeak kantxa barruan gehiago sufritzea eta tentsio handiagoa edukitzea dakartza, baina, era berean, ikusleek gehiago gozatzen dute. Egia esan, irabazten dugun bitartean, berdin zait markagailua zein den.
Hamasei puntistetako zazpi oso gazteak dira. Hori zesta-puntaren osasunaren erakusle ere bada, ezta?
Bai. Azken urteotan, jende gaztea sartu da; hori oso polita da, etorkizuna ere bermatzen baitu. Azken zazpi urteetan, ni neu pilotaririk gazteenetako bat izan naiz, eta orain hori aldatu egin da.
“Jendea erakusten dabilen interesak frogatzen du txapelketak eta zesta-puntak bidea egiten segitzen dutela”
Bikoteak ezagutu orduko, 1.000 bono inguru saldu dira aurten. Zelan bizi duzue puntistok gorakada eta jarraipen uriola hori?
Oro har, poztasunez. Jendea oso interesatuta ikusten dugu; kalean bertan sarritan gelditu naute, bonoei, sarrerei edota bestelakoei buruz galdetzeko. Horrek frogatzen du txapelketak eta zesta-puntak bidea egiten segitzen dutela.
Zein bikote ikusten duzu finalean?
Johan Sorozabal eta Imanol Lopez gu bion kontra.
Eta zein bikote ikusten duzu ezustekoa ematen?
Gorka Sorozabal eta Ludovic Laduchek osatutakoa, esate baterako.