“Euskararen aurkako oldarraldiaren aurrean” manifestazioa deitu du azaroaren 4an Euskalgintzaren Kontseiluak
Euskalgintzaren Kontseiluak deituriko Bilboko mobilizaziorako autobusak antolatu dituzte herrietan, baita ekintzak egin ere.
Azken hilabeteetan “euskararen aurkako epaien kontra” eta euskararen eta herritar guztien “hizkuntza eskubideen alde” manifestazio nazionala egingo du Euskalgintzaren Kontseiluak azaroaren 4an 17:00etan, Euskaldunan hasita. Hain zuzen ere, Oldarraldiaren aurrean: euskararekin bat, euskaraz bat da mobilizaziorako sortutako leloa. “Guztion indarra beharko dugu herritar guztion eskubideen aldeko erantzun sendoa emateko”. Horregatik, manifestazioa “hizkuntza aniztasunean, justizian eta berdintasun sozialean sinesten duten pertsona eta kolektibo guztiei dei egiten diete.
Gernika-Lumon, Euskara Batzordeak bihar [urriak 26] duen batzarrean ere argazkia aterako dute Kontseilura bidaltzeko. Busturialdeko AEK-k deituta argazkia aterako dute barikuan [urriak 27] 18:30ean, Merkurio plazan. Bermeoko Udalak adierazpen instituzionala idatzi du. Bertan adierazi du “kezkaz eta larritasunez” hartu dituztela euskararen indarberritze prozesuaren aurkako epaiak: “Udalaren helburua nagusien artean dago herrian euskara normalizatzea eta herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatzea, eta sententziek oztopoak bakarrik ez dakartza”
“Argi dago ez direla sententzia isolatuak, baizik eta botere judizialetik hizkuntza politika aurrerakoiak mugatzeko eta herritarron hizkuntza eskubideak murrizteko joera gorakorra: oldarraldi bat”
Aspaldikoa. Azkenaldian areagotu egin dira auzipegietatik “euskararen sustapena eta normalizazioa helburu duten hainbat neurriren aurkako sententziak”: Uliazpi, Laudio, Barakaldo, Irun, uharte, Erandio, Berriozar, Atarrabia, Orkoien… eta epe laburrean “beste asko” espero dituztela esan dute. “Argi dago ez direla sententzia isolatuak, baizik eta botere judizialetik hizkuntza politika aurrerakoiak mugatzeko eta herritarron hizkuntza eskubideak murrizteko joera gorakorra: oldarraldi bat”. Diotenez, sententzia guztiek elementu komun bat dute: “Gazteleraren nagusitasuna ezartzea herritarron hizkuntza eskubideen gainetik, eta beraz, oinarrizko eskubideen kaltetan”.
Bereziki entzutetsua izan zen uztailaren 6koa: egun hartan Espainiako Konstituzio Auzitegiak udalerri euskaldunei euskara hutsez jarduteko bideak estutu zizkien, EAEko Udal Legearen 6.2 artikulua partzialki baliogabetuta. Erabaki harekin, euskararen normalizazioan aurrerapausoa emateko «tresna sendo bat» indargabetzeaz gainera, «adostasun sozial handi baten kontra» egin zela esan dute.
Uztailaren 13an 80 alkate eta ehundik gora udal hautetsi batu ziren EAEko Auzitegi Nagusiaren atarian, alkate makila eta uztaiak eskuetan, epaia salatzeko eta kezka adierazteko. Aurrez, UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak ere agerraldi jendetsu bat egin zuen ebazpenaren aurka. ELA, LAB, ESK, CGT/LKN, Steilas, Hiru, EHNE, Etxalde, Lanartea, OlatuKoop eta EHko Pentsiodunen elkarteak ere bat egin dute manifestazioagaz.