Erretiroa hartzeko adinean dauden pertsonak trantsizio gaitasunetan trebatzeko programa abiatu dute
'Talentuak ez du erretiroa hartzen' izeneko proiektu pilotua garatuko dute Gernika-Lumoko kultur etxean. Bi orduko lau tailer izango dira, eta horietan parte hartzeko aurretiaz izena eman beharko da.
Erretiroa hartzeko adinean dauden pertsonak trantsizio gaitasunetan trebatzeko programa abiarazi du Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailarekin lankidetzan: Talentuak ez du erretiroa hartzen.
Proiektu pilotu bat prestatu dute gaitasun horiek transmititzeko, eta azaroan zehar garatuko dute Gernika-Lumoko kultur etxean. Bi orduko lau tailer egingo dituzte, azaroaren 8an, 15ean, 22an eta 29an, 11:00etatik 13:00etara bitartean.
Proiektuan parte hartzeko beharrezkoa da aurretiaz izena ematea, eta hori egiteko Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatera joan –Alondegia 6, behea, Gernika-Lumo), 94 625 51 22 telefonora deitu edota gizarte-zerbitzuak@busturialdea.eus helbide elektronikora idatzi beharko da.
“Gizartea gero eta gehiago arduratzen da pertsonak lan mundurako prestatzeaz, baina ez zaio arreta bera ematen bizi zikloaren etapa berri baterako trantsiziorako eta hura bete-betean bizitzeko prestaketari”, azaldu dute mankomunitateko ordezkariek. Hori lortzeko, pertsona bakoitzaren interesak, balioak, trebetasunak eta gaitasunak identifikatu behar direla diote, “pertsonalki zein sozialki hazten jarraitzeko eta bizitza bizi ahal izateko, bakoitzaren ibilbidearen eta inguruabarren arabera”.
Hala, testuingurua oinarri hartuta, Eusko Ikaskuntzak diseinatu eta garatutako GizarteLab metodologia erabiliko dute lansaioetan. Metodologia horren bidez, adinekoen ikuspegi “berri bat” sendotu gura dute, euren aniztasuna kontuan hartuta eta euren bizi ibilbide pertsonala diseinatzeko eta komunitate kultura indartzeko gaietan oinarrituta.
Metodologia horri esker, parte hartzaileek bizi ziklo berri horrek eskaintzen dituen ezaugarriak, erronkak eta aukerak ezagutuko dituzte, baita ziklo horretaz gozatzeko “trebetasun eta gaitasun baliagarriak” garatu ere. “Euren bizi proiektua antolatzeko hazkunde pertsonalerako aukera berria ere bada tailerra, izan ere, euren bizitza osoko eredua bultzatzeko politikak eta gizarte zerbitzuak ezagutuko dituzte”, azaldu dute antolatzaileek.