Beste eraso matxista bat gaitzetsi du Bermeoko Udalak
Adierazpen instituzional baten bidez jakinarazi dute asteburuan gertatu zela eraso matxista, eta ustezko erasotzailea identifikatuta dagoela.
Bermeoko Udalak joan den asteburuan herrian gertatutako eraso matxista salatu du, “gaitzespenik sutsuena” adierazita. Ustezko erasotzailea identifikatuta dagoela jakinarazi dute, adierazpen instituzional baten bidez.
“Argi” adierazi gura dute ekintza hauek “onartezinak” direla; “ez dutela lekurik gure herrian”. Era berean, gertutasuna eta elkartasuna adierazi gura izan diote emakumeari zein bere ingurukoei: “Gure esku dagoen guztian laguntzeko prest gaude”.
Berriro azpimarratu dute pertsonen duintasuna, sexu askatasuna eta integritate fisikoa “eskubide urraezinak” direla, eta salatu dute indarkeria matxista lehen mailako “gizarte arazo” bat dela, “estrukturala eta kolektiboa”.
Bermeoko Udala “kontziente” da egoeraren larritasunaz, eta, horregatik, herritarrei dei egin diete bortizkeria matxistaren aurkako jarrera eta konpromisoari eusteko, eta inoiz baino gehiago erne jarraitzeko, “indarkeria jasaten ari diren emakumeek erakundeen eta gizarte osoaren babesa jaso dezaten”.
Indarkeria matxista “errotik eta behin betiko”desagerrarazteko lanean jarraituko dutela adierazi dute, eta gehitu dute ahaleginak egingo dituztela elkarbizitzan oinarritutako gizarte berdinzale bat lortzeko.