"Azaroaren 30eko greba zaintza sistema iraultzeko beharra aldarrikatzeko eguna izango da"
Azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorrerako deia egin dute Gernikan. Zaintza sistema publikoa garatzea aldarrikatu eta tokiko eskaerak kaleratuko dituzte.
Lehenengoz, Greba Feminista Orokor baterako deia luzatu dute Euskal Herriko Mugimendu Feministakoek. Zaintza sistema publikoa eta komunitarioa aldarrikatuko dute, “denona eta denentzat” izango dena, eta herritarren beharrizanak erdigunean jarriko dituena: “Lan eta bizi baldintza duinak bermatuko dituen zaintza sistema behar dugu”. Izan ere, zaintza lanak etxe eta pareten artean “ezkutuan” egotetik greba orokor baterako arrazoi izatera pasatu dira, eta hori, “ez dela kasualitatez” gertatu uste dute: “Feminismoak eman digun kontzientzia eta emakumeon ahalduntzeari esker izan da. Borroka feministaren lorpena da”. Hala, Gernika-Lumoko Sare Feministak herritarrei greba orokorrean parte hartzeko deia egin die gaurko agerraldian: “Pribatizazioagaz amaitu beharra dago, eta sistema publikoa garatzeko plan bat beharrezkoa da”.
Hori posible egiteko, Mugimendu Feministatik Herri Akordio bat garatzen hasi dira, “egoera iraultzeko aldarrikapen zehatzak batzen dituena”. Eta, hori da, hain zuzen ere, azaroaren 30a: “Zaintza sistema iraultzeko beharra aldarrikatzeko eguna izango da, elkar batzeko eta antolatzeko eguna”. Gogoratu dute grebara herritar guztiak eta sektore guztietako langileak daudela deituak, gizonak ere bai, “zaintzak denei eragiten dielako”. “Industria, zerbitzu publikoak, hezkuntza, komertzioak, osakidetza, nagusien egoitzak… gure lantokia dena dela ere, zaintza denona da”, adierazi dute sare feministako kideek.
Izan ere, egungo zaintza sistemak “ez duela bizitza duinik bermatzen” uste dute, ez zaintzaileei, ez zainduak izan behar dutenei. Horregatik, egungo sistema mantentzen dutenei “ardura, erantzukizuna eta aldaketak” exijituko dizkiete azaroaren 30ean. “Denok izan gara eta izango gara zainduak, eta inguruan zaintza behar duten edo beharko duten pertsonak ditugu. Lan hori, ordea, hein handi batean, emakumeen kargu dago: doan familia barruan, eta baldintza prekarioetan sektore feminizatuetan”, gogoratu dute. Emakume migratuek, gainera, zaintza lanak “lan eta bizi baldintza prekarioenetan” egiten dituztela azpimarratu gura izan dute.
Etxez etxeko langileen kontratazioa
Azaroaren 30erako grebarako deia egiteaz gain, Gernika-Lumoko Mugimendu Feministako kideek tokiko aldarrikapen zehatzak ere egin dituzte. Hala, udalari eskatu diote, Busturialdeko Mankomunitatearen bidez, etxez etxeko langileen zuzeneko kontratazioa kudeatzea, “langile horien baldintzak duinduz eta azpi kontrata baten interesak elikatzeari utziz”.
Halaber, Kaltzada Egoitzako langileen lan baldintzak “duintzeko eta zerbitzuaren kalitatea hobetzeko” ere eskatu eta eskatuko dute: “Gernika-Lumoko alkateak, Urdaibaiko Patronatoko presidentea izanik, badu zeregina horretan”. Gernikako Ospitalean oheak eta urgentziazko zerbitzua ezartzeko ere eskatu dute, baita Galdakaoko erditze unitatea eta oinarrizko pediatra zerbitzua ezartzea ere.
Horrez gain, atzerritartasun legea bertan behera uzteko aldarrikapena ere kaleratuko dute, emakume migratuen eskubideak bermatzeko eta eskubide guztiak pertsona guztientzat direla adierazteko.
Aldarrikapen horiek guztiak eskatzeko kalera ateratzeko deia egin diete herritarrei sare feministakoek.