Auzo bitan errepidea konponduko dute, Kortezubin
Kortezubiko Udalak Oma eta Torrentike auzoetan errepidea konpondu du. Lanak egiteko, 140.000 euroko aurrekontua baliatuko dute.
Kortezubiko Udalak egoera onean egoteko “jarduketa” behar duten udalerriko errepideen inbentarioa egin du. Herri lurraldean sakabanatutako “auzoak eta baserri inguruneak” dituen udalerria izanda, errepide bidezko komunikazioa “funtsezkotsat” du udalak eta, ondorioz, herriaren garapen estrategiaren barruan ibilgailuen nahiz oinezkoen mugikortasuna jagotea lehenetsi dute. Aipatutako errepide inbentariotik ondorioztatu dute, kasu guztiak aztertu ostean, Oma eta Torrentike auzoetako errepideak direla konpondu beharrezko premiarik handiena daukatenak.
Urtea amaitu orduko abiatuko dituzte hilabete biko iraupena edukiko duten lanak
Torrentike auzoari dagokionez, errepidearen luzera 305 metrokoa da eta, batez besteko zabalera, ostera, 3’5 metrokoa. Lauzaren saneamendua egingo dute han lehendabizi, zorua “nahiko hondatuta” dagoelako. Behin zorua atonduta, asfaltatu egingo dute tarte hori.
Kortezubiko Udalak Bizkaiko Foru Aldundiaren 59.041,29 euroko diru laguntza jasoko du
Oma auzoko errepidearen kasuan, aldiz, bidearen luzera 866 metrokoa da, batez besteko 3’5 metroko zabaleragaz. Oro har, errepide hori “egoera onean” dagoela argitu dute udaletik, baina baita ere saneamendua eskatzen duten “zati txiki batzuk” identifikatu dituztela. Horrez gain, errepidearen, asfaltoaren eta bertako etxebizitzetarako sarbideen loturak hobetuko dituzte aurreikusi dute.
Obra bi horiek 140.000 euroko aurrekontua edukiko dutela iragarri dute, BEZa barne. Udalak 59.041,29 euroko diru laguntza eskuratu du Bizkaiko Foru Aldunditik, lanok aurrera eroateko. Bestalde, egin dituzten aurreikuspenen arabera, urtea amaitu orduko ipiniko dituzte abian, hilabete biko iraupenagaz. Kortezubiko alkate Karmele Enbeita Ozamizek adierazi duenez, birzolatze eta konponketa lanek ibilgailuentzako zein oinezkoentzako “segurtasun handiagoa eta mugikortasuna” bermatuko dituzte:, “oso garrantzitsua” baita herriko auzoak elkarren artean “ondo lotuta” egotea.