7.000 euro banatuko ditu saritan Busturialdeko Enpresa Ideia Lehiaketak
Eskualdeko ekintzaileek azaroaren 10eko 14:00etara arteko epea dute euren lanak aurkezteko.
Hamargarren urtez, martxan da eskualdeko gazte ekintzaileen ideiak saritzen dituen Busturialdeko Enpresa Ideia Lehiaketa. Guztira, lau sari banatuko dituzte; denetara, 7.000 euro saritan. Enpresa proiekturik onenak 3.000 euroko saria jasoko du, eta bigarren sariak, berriz, 2.000 eurokoa. Lehen sektoreagaz zerikusia duen ideiarik onenak 1.000 euro jasoko ditu. Berritasun modura, aurten, U-BAI Eskualdeko Garapen Ekonomikorako Planaren lau ardatz sektorialetara bideratutako enpresa edo enpresa ideia onena ere sarituko dute, eta 1.000 euroko saria jasoko du.
Lehenengo eta bigarren sarituei, gainera, urtebetez Arratzuko Elkartegian doan lan egiteko aukera eskainiko zaie. Era berean, Torrealday Aholkularitzak doako aholkularitza zerbitzua –fiskala, lanekoa eta kontabilitatekoa– emango dio irabazleari urtebetez, eta bigarren sarituari, berriz, sei hilabetez.
Lehiaketaren helburuak dira kultura ekintzailea sustatzea, enplegua eta aberastasuna sortzea, Busturialdeko garapen ekonomikoa bultzatzea eta enpresa proiektu onenak saritzea. Deialdi guztiak kontuan hartuta, 160 enpresa ideia eta enpresa aurkeztu dituztela jakitera eman dute.
Eskualdeko 18 eta 35 urte bitarteko gazteek edo gazte taldeek parte haru dezakete, eta enpresa Busturialdean kokatu beharko da. Ekintzaileek azaroaren 10eko 14:00etara arteko epea dute euren proposamenak lehiaketara aurkezteko. Horretarako, izena emateko fitxa, sustatzailearen datuak jaso behar dituen dokumentua eta bete beharreko baldintza guztiak jasotzen dituzten oinarriak Gaztedi Busturialdearen webgunean daude eskuragarri. Bermeoko eta Gernika-Lumoko Udaletako Gazte Informazio Zerbitzuetan edo Urremendi Landa Garapen Elkarteko bulegoan ere jaso daitezke izen-emate orriak.
Sari banaketa ekitaldia azaroaren 23an (eguena) izango da, 19:00etan, Busturiko BBK Kliman.
Iaz hamar enpresa proiektu aurkeztu zituzten Busturialdeko Enpresa Ideia Lehiaketara.