Zerbitzu publikoak "indartzeko" eta lan baldintzak "hobetzeko" eskatuko dute langile publikoek etzi
Grebara deituta daude Bizkai, Araba eta Gipuzkoako langile publiko guztiak etzirako [urriak 25] eta abenduaren 19rako. ELAk, LABek, CCOOek, STEILASek, SATSEk eta ESK-k egindako deialdiei erantzunez, langileen lan baldintzek eta zerbitzu publikoek "okerrera" egin dutela salatuko dute.
Udazkenean greba eta protesta ugari egiten ari dira sektore publikoan, eta etzi [urriak 25] eta abenduaren 19an grebara deituta daude Bizkai, Araba eta Gipuzkoako langile publiko guztiak, 150.000 inguru. Sektore publikoaren langileriaren %85 ordezkatzen duten ELAk, LABek, CCOOek, STEILASek, SATSEk eta ESKk egindako deialdiei erantzunez, langileen lan baldintzek eta zerbitzu publikoek “okerrera” egin dutela salatuko dute. Gernika-Lumoko udal langileek grebara joateko deia egiteko elkarretaratzea egin dute gaur.
Alde batetik, Espainian ordezkaritza duten euskal alderdiei soldata eta enpleguna “hemen adosteko” eskatuko diete; eta, bestetik, hemengo erakundeei zerbitzu publikoak “indatzeko eta lan baldintzak hobetzeko” aldarrikapen zehatzak negoziatzeko eta adosteko exijituko dizkiete.
“Zerbitzu publikoen kalitatea eta lan baldintzak okerrera joan dira urtez urte, agintarien aurrekontu eta inbertsio politika okerren ondorioz. Administraziotan negoziazio kolektiboa ukatuta dago”, azaldu dute sindikatuek. Gainera, aurrekontuetan, zerbitzu publikoen soldatak eta enplegua “legez” ezartzen zaizkiela esan dute, eta ondorioz, euskal alderdiei eskatuko diete “muga horiek deuseztatzeko”. Izan ere, diotenez, euskal administrazioek negoziatzen dituzten aurrekontuetan ere enplegua sortzeko eta egonkortzeko neurriak jaso ahal dira: “Lan baldintzak eta soldatak hobetzeko neurriak jaso behar dira bertan”.
Soldatak hobetzeko neurriei jarraiki, azken bi urteetako erosteko ahalmenaren “galera” berreskuratzeko eta 2024koa bermatzeko %10eko soldata igoera eskatuko dute. “Horrez gain, aurretik galdutako erosteko ahalmenaren gaineko zorra aitortzea eta berreskuratzeko benetako konpromisoa hartzea aldarrikatuko dugu”, esan dute.
Publikoa indartu.
Pribatizazio berririk ez egiteaz gain, dagoeneko pribatizatuta dauden zerbitzuak publikatzeko planak egin eta subrogazioak adostu behar direla uste dute sindikatuek. Gainera, egiturazkoa den “ezkutuko enplegua” azaleratu eta sortu behar dela adieraziko dute: “Behin behinekotasun erreala %8tik behera kokatu behar da, horretarako neurriak hartuz, eta beharrezkoak diren EPE egutegiak eta orain arte lanean aritu diren langileen lanpostuak kontsolidatzeko adostuz”. Horrez gain, lantaldeak gaztetzeko planak egiteko, erretiro primak berreskuratzeko eta adinagatiko lanaldi murrizketak adosteko eskatuko dute.
Lan kargak murrizteko neurriak hartzean ere jarri dute arreta, baita prestakuntza “egokia eta egokitua” izatean ere. Langile publikoen lan osasuna zerbitzu publikoetatik kudeatzea ere “beharrezkotzat” jotzen dute, “mutuen papera gutxituz”.
Berdintasunerako “benetako urratsak” ekarriko dituzten genero arloko neurriak exijituko dituzte greba egunetan, horretarako berdintasun plan erreal eta eraginkorrak adosteko eskatuz. Administrazioak “benetan” euskalduntzeko eta langileek lana eta zerbitzua euskaraz egin eta eman ahal izateko planak adostea eta baliabideak bermatzea ere aldarrikatuko dute.
Lan eta bizi baldintzak hobetu eta enplegua sortzea helburu hartuta, gainera, jardunaldiak murriztea egokitzak ikusten dute, “32 orduko lan astearen norabidea hartzeko”.